Itxi

Politika

Elkarretaratzeak

"Monarkia amaitzea" eta krisiari "irtenbide errepublikarra" ematea eskatu dute

Agentziak | Erredakzioa

Era berean, "herritar guztien oinarrizko eta lanerako eskubideak zein eskubide sozial eta politikoak bermatzen duen Konstituzio" bat aldarrikatu dute manifestariek.

Errepublikaren aldeko Mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan, krisiari "irtenbide errepublikarra" ematea eta "monarkia amaitzea" aldarrikatzeko.

Horrela, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan 12:00etan egin dute protesta, eta ordu erdi beranduagoa Bilboko Arriaga plazan eta Donostiako udaletxearen aurrean. Ezker Anitza-IUk parte hartu du mobilizazioetan.

Era berean, “herritar guztien oinarrizko eta lanerako eskubideak zein eskubide sozial eta politikoak bermatzen duen Konstituzio” bat aldarrikatu dute manifestariek.

“Estatuburu aldaketa” eskatu dute Errepublikaren aldeko Mugimenduko bozeramaileek. “Monarkia ez da egokia, zaharkitua baizik, ustelkeria oso handia agerian utzi duelako eta frankismoaren oinordekoa delako”, erantsi dute.

Pandemiaren bigarren olatuak “osasun krisian ez-ezik, krisi sozial, ekonomiko eta politikoan” murgildu gaituela ohartarazi dute antolatzaileek, eta “Estatuaren eta zerbitzu sozialen ahulezia” begi-bistan utzi duela. “Erakundeen disfuntzioak ere agerian geratu dira, erkidegoen Estatuko mugak esaterako”, gaineratu dutenez.

Bestalde, “herritar guztien oinarrizko eta lanerako eskubideak zein eskubide sozial eta politikoak bermatzen duen Konstituzio” baten alde azaldu dira, “zorra ordaindu beharrean, lehentasuna zerbitzu publikoetan inbertsioa izateko”.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena