Politika -

Martxa internazionalista

Martxa egin dute Donostian, Palestina, Kolonbia, Sahara eta Kurdistanen alde

Manifestazioaren antolatzaileek azaldu dute lau gatazkek badituztela ezaugarri komunak; denetan "Estatu heteropatriarkal, klasista, arrazista eta oso militartuen" aurrean daudela, alegia.

Manifestariak, Donostian. Argazkia: @LABSindikatua
Manifestariak, Donostian
Manifestariak, Donostian. Argazkia: @LABSindikatua

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru sindikatuak Donostian manifestatu dira gaur, Palestinari, Kolonbiari, Saharari eta Kurdistani elkartasuna adierazteko. EH Bildu eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak ere bertan izan dira.

12:30etan abiatu dute martxa internazionalista, Boulevardetik, "Bizitza, bakea eta demokrazia. Solidaridad con Palestina, Colombia, Sáhara y Kurdistán" lelopean. Lurralde okupatuetako hainbat kidek eraman dute pankarta, Donostiako kale nagusietan barrena.

Antolatzaileen hitzetan, "gatazka desberdinak" diren arren, "antzekotasun handiak dituzte". "Estatu heteropatriarkal, klasista, arrazista eta oso militartuen aurrean gaude, eta denek erabiltzen dute indarkeria eta gatazka kapitalaren interesen alde", salatu dute.

Gainera, manifestariek azaldu dute "Israel gerra makinariarekin" aurrera doala, "herri palestinarra kolonizatzeko" bidean: "Jerusalemen indarkeria neurrigabea da, 600 pertsona hil dituzte, aurretik Gazan egindako eraso militarrei beste bat gehitzen zaie".

Beste alde batetik, Kolonbian "Ivan Duqueren Gobernuak herria suntsitzen" jarraitzen duela azpimarratu dute: apirilaren 28tik "47 hildako daude, indarkeria publikoa eragitea leporatuta; 16 pertsona indarkeria matxistaren biktima izan dira, 23ri kalteak eragin dizkiete bistan, 32 daude su armekin zaurituta eta giza eskubideen aldeko 67 pertsonei egin diete eraso. 1.291 atxilotu daude, gehienak legez kanpoko atxilotze arbitrarioetan, torturatuak eta tratu krudela jasota. 58 pertsona desagertu dira, ustez, protesta sozialaren testuinguruaren baitan".

Azkenik, Mendebaldeko Sahara "2020ko azaroaren 13tik gerran" dagoela salatu dute, "Marokok Guerguerateko zerrenda inbaditu eta 1991an sinatutako Su Etenaren Akordioa urratu duenetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Donostia Gerra Siria Herriak eta Hiriak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Turkia albisteak Israel Palestina Kolonbia Irak Mendebaldeko Sahara Rabat gaur