Mundua -

GAZAKO ZERRENDA

Laguntza humanitarioa sartzen hasi da Gazan, su-etenaren bigarren egunean

Palestinara medikuntza baliabideak bidaltzeko aukera aztertzen ari dira Errusiako Gobernua eta OME. Bestalde, milaka pertsona kalera atera dira Londresen, palestinarren alde eta okupazioaren aurka.

Neskatila bat korrika Gazan, birrindutako etxe artean. Argazkia: EFE
Neskatila bat korrika Gazan, birrindutako etxe artean.
Neskatila bat korrika Gazan, birrindutako etxe artean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazak eta Israelek nolabaiteko barealdia bizi dute gaur, ostiral goizaldean indarrean sartu zen aldebiko su-etenaren ostean. 2014ko gerratik izandako garairik gogorrenean, 248 palestinar hil eta 1.948 zauritu ditu Israelek eta 12 israeldar hil eta 357 zauritu dituzte palestinarrek.

11 egunetako bonbardaketen ostean, "hondakinak erretiratzen ari dira errepideetatik", eta kaltetutako ur instalazioak eta argindar lineak konpontzeko lanean ere ari dira, Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OCHA) jakitera eman duenez.

Atzo hasi zen material humanitarioa sartzen Gazara Kerem Shalomeko bidegurutzetik, maiatzaren 10ean indarkeria oldea hasi zenetik itxita egon ostean.

Gainera, Errusiako Gobernua eta Osasunaren Mundu Erakundea (OME) Palestinara medikuntza baliabideak bidaltzeko aukera aztertzen ari dira, Errusiako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez.

"Larrialdi Egoeren Ministerioa OMErekin proiektu bateratu bat garatzea aztertzen ari da, gaixotasun ez-kutsakorren tratamendurako hamar modulu eta behar kirurgikoetarako beste hamar modulu emateko Palestinako Osasun Ministerioari", larunbat honetan publiko egindako oharraren arabera. 100.000 gaixori lagundu ahal izango zaiela hiru hilabetez eta 1.000 ebakuntza kirurgiko egin ahal izango direla kalkulatzen du Errusiako Gobernuak.

Ministerioak gogorarazi duenez, "laguntza hau inoiz baino beharrezkoagoa da Palestinarentzat, egoera oso zaila bizi baitute", eta "azkenaldiko egoerak Sputnik V txertoa bidali eta jasotzeko Palestinarekin dugun lankidetzari eragin ez diezaion lan egingo du Gobernuak" gehitu dute.

Milaka lagunek elkartasuna adierazi diote Palestinari Londresen, martxa batean

Bestalde, milaka herritar bildu dira Londresko erdigunean, palestinar herriari elkartasuna adierazteko. Palestinaren "askatasuna" eskatzeko pankartak eta banderak soinean zituztela, Victoria Embankment inguruan bildu dira manifestariak, Hyde Park parkera abiatu aurretik.

londres

Larunbatean Londresen izandako manifestazioaren irudia. Argazkia: EFE

Downing Streetera (lehen ministroaren egoitza eta bulego ofiziala) iritsi direnean, Boris Johnson buruzagi kontserbadoreari "Boris Johnson, lotsatu zaitez" oihukatu diote.

Manifestari askok azaldu duenez, "Israel egiten ari den okupazioaren amaiera" eskatzeko atera dira kalera, "ama, aita, anaia, arreba eta haurren bonbardaketak eta hilketak" salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Erresuma Batua Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Londres Ekialde Hurbila