Politika -

Adifen istripua

Ehunka pertsonak "justizia" eta "egia" eskatu dute, Angroiseko tren istripuaren zortzigarren urtemugan

Plataforma de Victimas Alvia 04155k "ikerketa independentea" exijitu du, Europar Batasunak espainiar Estatuari eskatu bezala.

Protesta, Santiago de Compostelan. Argazkia: EFE
Protesta, Santiago de Compostelan
Protesta, Santiago de Compostelan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angroiseko (Santiago de Compostela) Alvia trenaren istripuaren zortzigarren urteurrenean, justizia, egia eta "ikerketa independente" bat eskatu dute Plataforma Victimas de Alvia 04155eko kideek. 80 pertsona zendu eta 140tik gora larri zauritu ziren istripuan.

Manifestazioa galiziar hiriburuko kale nagusietan barrena abiatu da 'Ez ditugu ahaztu, gurekin daude; ikerketa independentea' edota 'Blanco, Pastor, ez gaituzue isilduko' lelopean.

12:00ak aldera, manifestariak Praza do Obradoirora iritsi dira. Bertan, pankartak ikusita, erromesek eta turistek txalo artean hartu dituzte.

"Zortzi urteren ostean ez dugu ezer lortu, atea itxi digute, ez dutelako egia azaleratzerik nahi", azaldu du Ramon Buitrago plataformako kide eta istripuan hildako emakume baten nebak.

"Linea ez zen segurua"

"Angroisekoa demokraziako tren istripurik larriena izan zen eta senideek beti esan izan dugu errua ez zela soilik gidariena izan. Istripua Adif, Renfe eta Sustapen Ministerioaren jokaera arduragabearen ondorioa izan zen", salatu du Buitragok.  Gainera, azpimarratu du iragan maiatzean fiskalak berretsi zuela trenaren linea ez zela segurua.

Alde batetik, plataformako kideek Jose Blanco eta Ana Pastor Sustapen ministro ohiak seinalatu dituzte. Buitragok adierazi duenez, bi politikariek "ez zuten arduraz jokatu eta biderik errazena eta iraingarriena aukeratu zuten: errua gidariari bota eta iritzi publikoa kutsatu".

"Ia 3.000 egun igaro dira, lau gobernu eta lau Sustapen ministro. Oraindik ez da ikerketa independenterik egin, Europar Batasunak espainiar Estatuari hala eskatu zion arren", esan du Buitragok.

Beste alde batetik, Nestor Rego BNGren Kongresuko diputatuak esan du, ERC eta EH Bildurekin batera, Ikerketa Batzordea sortzeko eskaria egin dutela. Hala, Alvia trenaren istripuan gertatutako argitu eta "2018an bertan behera gelditutako lanak" berreskuratzeko asmoa agertu du Regok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gizartea Albisteak Manifestazioak Galizia Trenen Istripuak