Politika -
EH Bildu
Iriarte: "Osakidetzaren gainbehera justifikatzeko erabili du covid-19a Urkulluk"
EH Bilduren Legebiltzarreko eledunak esan du Osakidetzak "egiturazko arazo eta gabeziak" dituela, eta murrizketak eta politika desegokiak aspalditik datozen kontuak direla.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriartek ziurtatu du Iñigo Urkulluren Gobernuak "Osakidetzaren gainbehera justifikatzeko" erabili duela pandemia.
Ohar batean, Iriarte atsekabetuta agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin, "osasun publikoko langileek eta pazienteek bizi duten egoera halabeharrezkotzat jo dutelako". Hain zuzen ere, kritikatu du pandemia erabiltzea aitzakia gisa, Euskal Osasun Zerbitzuaren "hondamena" arrazoitzeko.
Iriarteren ustez, Osakidetzak "egiturazko arazo eta gabeziak" ditu, eta murrizketak eta politika desegokiak "aspalditik datozen kontuak" dira.
"Pandemiak arazo horiek guztiak azaleratu ditu; areagotu ere egin ditu, baina ez ditu sortu", adierazi du Iriartek arazoak lehendik datozela argi utzita. Horrekin lotuta, nabarmendu du Osasun Sailaren politiketan bilatu behar direla gainbehera horren erantzukizunak.
"Osakidetza indartzea eta berreraikitzea EH Bilduren ardatz nagusietako bat izango da, Urkulluren gobernuek bultzatutako politikak irauli behar direlako", erantsi du.
"Pixkanaka behea jotzen ari da Osakidetza", salatu du Iriartek, eta horren erantzule jo du Jaurlaritza. "Ez du osasun sistema indarberritzeko asmorik, bere lehentasunak ez baitira batere aldatu", bukatu du.