Politika -

EITB Focus

Araba: EAJk hobetu egingo lituzke emaitzak eta Ramiro Gonzalezek gertu izango luke hirugarren agintaldia

Alderdi jeltzaleak 2019an baino bi eserleku gehiago lortuko lituzke. EH Bilduk ere gora egingo luke eta PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin koalizioak batzarkide bana galduko lukete.

EITB Focus
eitb focus
EITB Focus

DP | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk irabaziko lituzke Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak, duela lau urteko emaitzak hobetuta eta bigarren indarrarekiko (EH Bildu) aldea areagotuta, EITB Focus makroinkestaren arabera.

Horren ildotik, Ramiro Gonzalez hautagai jeltzaleak, hots, egungo hiru ahaldun nagusietatik berriz ere hautagai den bakarrak, gertu izango luke bere hirugarren agintaldia.

Euskadin inoiz egindako inkesta handiena da EITB Focus, eta maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak egiteko bi hilabete baino ez direnean falta egin dute.

EITB FOCUS

Hain zuzen ere, EAJk botoen % 31,7 eskuratuko lituzke Araban, 2019an baino 2 puntu gehiago, eta, horrenbestez, 19 batzarkide izango lituzke, bi gehiago. Bigarrena, hori bai, boto gutxiko aldearekin.

EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, eta boto-portzentajeari begiratuta, koalizio abertzaleak hazkunde handiena izango luke (bozen % 23,6 jasoko lituzke, azken hauteskundeetan baino 2,5 puntu gehiago). Hala, 13 eserleku lortuko lituzke, egun baino bat gehiago.

EITB FOCUS, Batzar Nagusiak, inkesta osoa (PDFa)

Hirugarren lekuan, PSE-EEk botoen % 18 jasoko lituzke, 2019an baino puntu bat gutxiago, eta eserleku bat galduko luke. Hori dela eta, 9 izango lituzke guztira, baina hamargarrenari eusteko aukerak ere izango lituzke, azken diputatu hori zalantzan dagoelako.

Jaitsiera handienak PPk eta Elkarrekin Podemos koalizioak (Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiek osatzen dute) izango lituzkete.

Alderdi Popularraren kasuan, jaitsiera eserleku batekoa izango litzateke (7 izango lituzke), eta 1,3 puntukoa boto-portzentajean (% 13,8 maiatzean eta % 15,1, 2019an).

EITB FOCUS

Koalizio ezkertiarrak, bere aldetik, hiru ordezkari lortuko lituzke, egun baino bat gutxiago, baina botoetan are handiagoa izango litzateke galera, boto-emaileen % 8,6k (1,4 puntu gutxiago) egingo luketelako haren alde, duela lau urte % 10 izan ondoren.

Azkenik, Voxek puntu bateko hazkundea izango luke, boto guztien % 2,4 eskuratuta, eta gertu izango luke eserleku bat izatea, hasiera batean ordezkaritzarik izango ez lukeen arren.

Balorazioa

Arabako hautagai ezagunena Iñaki Oyarzabal (PP) da, herritarren % 58,1ek ezagutzen baitute. Aitzitik, balorazio txarrenetakoa ere badu, batez beste 3,1eko nota eman baitiote.

Bigarrena Ramiro Gonzalez jeltzalea da (% 55,4ko ezagutza eta 5,6ko nota), eta hauek daude ondoren: Cristina Gonzalez sozialista (% 42,85eko ezagutza eta 4,9ko nota); Eva Lopez de Arroyabe, EH Bildukoa (% 39,5eko ezagutza eta 5,8ko balorazioarekin); Amaia Martinez, Voxekoa (% 34,5eko ezagutza eta 1,4ko nota); eta David Rodriguez, Elkarrekin Podemosekoa (% 30,4ko ezagutza eta 4,3ko nota).

Metodologia

EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian; eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204 elkarrizketa egin dituzte.

Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.

Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Arabako Ahaldun nagusia Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak Hauteskunde inkestak Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak