Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Europako hauteskundeak, Araceli Tamayoren osasun egoera eta Palestinaren aitortza
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko maiatzaren 23an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Europako Parlamenturako hauteskunde kanpaina: Datorren gauerdian abiatuko da ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako kanpaina, eskuin muturreko indarren balizko gorakadaren testuinguruan. EAJk Hondarribian abiatuko du kanpaina, eta gainerako indar politikoek, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta Sumarrek, Bilbon. Irakurri hemen, Europako hauteskundeen inguruan jakin beharreko guztia.
- Araceli Tamayoren osasun egoera: Afganistango atentatuan larri zauritutako 82 urteko emakume bilbotarraren osasun egoera "egonkorra" da, baina "pronostiko larria du", Basurtuko Ospitaleko mediku taldeak atzo jakinarazi zuenez. Bilbotarra etxera ekarri duen hegazkinak atzo arratsaldean lur hartu zuen Bilboko aireportuan, eta Basurtuko Ospitalera eraman zuten emakumearen aseguru-etxeak berak jarritako anbulantzia medikalizatu batean. Bere egoeraren larritasuna dela eta, Tamayo sedatuta ekarri zuten hegazkinean, eta horrela jarraitzen du erietxean.
- Palestinaren aitortza: Espainiako, Norvegiako eta Irlandako gobernuek Palestinar Estatua aitortuko dute datorren maiatzaren 28an, atzo hiru herrialdeetako gobernuburuek modu koordinatuan iragarri zutenez. Berehala etorri da Israelgo Gobernuaren erantzuna, eta Israel Katz Atzerri ministroak jada deitu ditu kontsultara Norvegian eta Irlandan dituen enbaxadoreak.