EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

U12

Mendiak bozkatzera joateko eskatu du, "beste batzuek guregatik erabaki ez dezaten"

PSE-EEko idazkari nagusiak bozkatzera joateko deia egin die herritarrei, "etorkizuneko Euskadi nolakoa izatea nahi duten erabaki dezaten; euren seme-alabek eta bilobek gozatuko duten lurraldea".

Idoia Mendiak (PSE) Bilbon (Bizkaia) eman du botoa. Argazkia: EFE
Idoia Mendiak (PSE) Bilbon (Bizkaia) eman du botoa.
Idoia Mendia: ''Berme guztiekin bozkatu dezakegu gaur''

2:01

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak igande honetan hauteslekuetara joateko deia egin die euskal herritarrei. Bere esanetan, "gaur bozkatzera etortzen ez bagara, beste batzuek gure ordez bozkatuko dute eta gure osasunaren kalitatea, gure seme-alaben etorkizun ekonomikoa edo gure enpleguen etorkizuna bezalako gai garrantzitsuak erabakiko dituzte".

Mendiak 10:30 aldera eman du botoa, bere etxetik gertu dagoen Bilboko hautesleku batean. Mendia, Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziarekin eta beste hainbat alderdikiderekin batera joan da bozkatzera Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.

Osasun arloko agintariek ezarritako prebentzio-neurriak betez botoa eman ondoren, bozkatzera joateko deia egin die Mendiak euskal herritarrei, "hauteslekuetan erabateko bermea dagoelako eta lasaitasun osoz bozkatu daitekeelako". Mendiak maskara jantzita iritsi da hauteslekura, eta botoa hautestontzian sartu aurretik eta ondoren eskuak garbitu ditu.

Testuinguru horretan, bozkatzera joateko deia egin die herritarrei, "etorkizuneko Euskadi nolakoa izatea nahi duten erabaki dezaten; euren seme-alabek eta bilobek gozatuko duten lurraldea"; izan ere, "gaur erabakitzen eta egiten dugunak gure seme-alaben eta biloben etorkizunean eragingo du".

Ildo horretatik, gaur etxean geratzen badira "bihar berandu izango da, eta bozkatzera ez doazenen ordez beste batzuek emango dute botoa", ohartarazi du.

Koronabirusa zabaltzeko beldurrak eta eguraldiak parte-hartzean eragina izan dezakeen galdetuta, gaurko zalantza nagusia parte-hartzea zenbatekoa izango den jakitea dela esan du. "Herritar guztiok dugu bozkatzera joateko betebeharra", gaineratu du.

Ezohiko hauteskundeak dira gaurkoak, COVID-19aren azken agerraldiek, Ordiziakoak, bereziki, bete-betean astindu dituztelako kanpaina eta hauteskunde eguna bera.

Horrez gain, hauteskunde egun honetan gertatzen den guztiaren azken ordua minutuz minutu jarrai daiteke hemen. Gainera, eitb.eus atariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak zuzenean kontsultatzeko aukera eskainiko du. Informazio guztia eguneratu egingo da, U12ko hauteskundeetako botoak zenbatu ahala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Idoia Mendia bideoak Alderdi politikoak Euskal sozialistak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak