Albisteak -
Hauteskunde-batzorde Zentrala
EH Bilduren presentzia murriztu dute komunikabideetan
UPyDk aurkeztutako helegitea onartu du Hauteskunde-batzorde Zentralak. EH Bilduk Europako Parlamentuan ordezkaritzarik ez duela argudiatu du Batzordeak erabakia hartzeko.
Erredakzioa
UPyDk aurkeztutako helegitea onartu du Hauteskunde-batzorde Zentralak, eta komunikabideetako doako hauteskunde-espazioetan EH Bilduren presentzia murriztu du kanpainan.
UPyDk agiri batean azaldu duenez, EH Bilduk Europako Parlamentuan ordezkaritzarik ez duela argudiatu du Batzordeak erabakia hartzeko.
Zentzu horretan, duela bost urte Herrien Europa (Aralar eta EA) koalizioan aurkeztu ziren alderdiak orain lau koaliziotan zatitu direla ulertu du Batzordeak, UPyDren arabera.
Horregatik, "orain aurkezten diren koalizioetariko bat duela bost urtekoaren ondorengoa dela argi esaterik ez dagoela", uste du Batzordeak.
L'Esquerra pel Dret a Decidir
Horrela, L'Esquerra pel Dret a Decidir koalizioari edo ERCri ordezkaritza laga dio Batzordeak; izan ere, aurreko hauteskundeetan Herrien Europako zerrendaburua izan zen.
UPyDren hitzetan, aurrerantzean Herriek Erabaki koalizioko alderdiek ordezkaritzarik ez duten taldeen tartea izango dute komunikabideetan, orain arte baino denbora gutxiago, alegia.