Hauteskunde Orokorrak -

Kanpainaren hirugarren eguna

PSE-EEk ohartarazi du PPk, Ciudadanosek eta Voxek 'proiektu bera' dutela

Gobernu ezkertiarra lortzeko "bermea" Unidas Podemos bozkatzea dela esan du Iglesiasek. Ortuzarrek "hango eta hemengo ultren" aurka jo du, eta EH Bilduk mezua igorri nahi dio hiruko eskuindarrari.

Odon Elorza PSE-EEren hautagaia. Argazkia: EiTB
Odon Elorza PSE-EEren hautagaia. Argazkia: EiTB
Odon Elorza PSE-EEren hautagaia. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Unidas Podemosen presidentegaiak ohartarazi du botere ekonomikoek "Sanchez buru duen Riveraren gobernua" nahi duela, PSOEk eta Ciudadanosek hauteskundeen ostean egin dezaketen itunari erreferentzia eginez. Iglesiasek uste du ituna egingo dutela emaitzek aukera emanez gero, eta horregatik Unidas Podemosen aldeko botoa eskatu du, "gobernu ezkertiarra edukitzeko berme bakarra" dela iritzita.

Eibarko Astelena frontoian egindako ekitaldian izan dira, era berean, Alberto Garzon IUren koordinatzaile nagusia, Juan Lopez de Uralde Arabako hautagaia eta Pilar Garrido Gipuzkoakoa, eta Iglesiasek guztien aurrean berretsi du PSOE-Ciudadanos balizko gobernuak ez lituzkeela autogobernua, nazio aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna babestuko.

1.300 pertsonatik gora elkartu dira Eibarren egindako ekitaldian, eta Iglesiasek ikurrina izan du uneoro eskuetan. "Aznarren seme" deitu dituen Casado, Rivera eta Abascal patriotak baino gehiago "patrioteroak" direla azaldu du, Valle-Inclanen hitzak erabiliz.

"Colongo hirukoak, Aznarren hiru pianistek, trifatxitoak, hizkuntza bakarra defendatzen dute, bandera bakarra, nortasun bakarra, zentralizazioa. Baina proposamen ekonomikoetara iristen direnean ez dira patriotak, eta BBVAren, Suitzaren eta putre funtsen banderak dituzte gustuko", gaineratu du.

Errepublikanismoaren balioak azpimarratu ditu Pablo Iglesiasek
Errepublikanismoaren balioak azpimarratu ditu Pablo Iglesiasek
Errepublikanismoaren balioak azpimarratu ditu Pablo Iglesiasek

1:22

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak esan du ez dela ona "ultra izatea inon, ez abertzalea ez espainiarra", eta "ez baditugu ultrak nahi, ez hangoak ez hemengoak" EAJri emandako botoak "gelditu" egingo dituela.

Era berean, Pablo Casado PPren buruzagiari "zubiak eraisteko makina" dela esan dio, eta hori "Voxeko anaiek eskuindar koldarrak" deitu zienetik egin dutela. Gainera, "biktimak ez ukitzeko eta ez erabiltzeko" deia egin dio.

Getxon egin dute ekitaldi politikoa jeltzaleek, eta bertan izan da Aitor Esteban Bizkaiko zerrendaburua ere. Casado kritikatzen jarraitu du Ortuzarrek, eta "egunero hanka sartzen" duela eta "itxurakeriaz" jokatzen duela esan du.

"Erkidego ez leiala deitu zigun, Francok probintzia traidore esan zigun moduan. Berak ordezkatzen duenarekiko ez leiala eta traidorea izatea bada, harro gaude. Euskal herritarrak gara, demokratak eta abertzaleak", gaineratu du.

Bestalde, "triste"tzat jo ditu atzo Bilbon izan ziren istiluak, eta salatu du "hemengo ultrak hangoen kanpaina" egiten dutela. "Ez badugu ez hango ez hemengo ultrarik nahi, EAJri emandako botoak geldiaraziko ditu. Ez da ona ultra izatea inon, ez abertzalea, ez espainiarra", azpimarratu du.

PPren zinismoa salatu du Andoni Ortuzarrek
PPren zinismoa salatu du Andoni Ortuzarrek
PPren zinismoa salatu du Andoni Ortuzarrek

1:15

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak ohartarazi du PPk, Ciudadanosek eta Voxek "proiektu bera" dutela: "Aniztasuna, autogobernua eta eskubide sozialak suntsitzea". "Hori da Aznarren hiru seme bitxiek daramaten lekukoan dagoen mezua, egiten ari diren 'Korrika' berezi horretan”, gaitzetsi du.

Donostian egin dute ekitaldia sozialistek, eta Maria Jesus Montero ministroak hitza hartzea espero bazuten ere, ezin izan du hegazkina hartu, baina Odon Elorza Gipuzkoako zerrendaburuak eta Ernesto Gasco Donostiako alkategaiak hartu dute hitza. Mendiak esan du apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan jokoan dagoena "eskubideak blindatuko dituen Gobernu sozialista edo murrizketara itzuliko den Gobernu eskuindarra" dela. "Aurrera egiten jarraitzea edo atzera egitea", ohartarazi du.

Pedro Sanchezen Gobernuak "guztion eskubide eta askatasunetan" sinesten duela esan du Mendiak: "Autogobernuan sinesten du, bizikidetzaren alde egiten duen herri anitzean sinesten du".

Gainera, "eskuindarrak eta independentistak, PP, EH Bildu, Ciudadanos eta ERC" ados jarri eta aurrekontuak atzera botata Gobernu sozialistaren "itxaropenak uxatu" zituztela gogorarazi du.

"Eskuindarrek ez dute lotsarik", salatu du. Horren harira, Vox, Ciudadanos eta PPko buruzagiek egunotan Euskal Herrian egin dituzten ekitaldiak aipatu ditu, "oinarrian gauza berbera" esan dutelako: "Ez dute aniztasunik, Estatuturik eta eskubide sozialik nahi".

Odon Elorzak ukatu du PSOEk aitortu ezineko itunak egin dituenik
Odon Elorzak ukatu du PSOEk aitortu ezineko itunak egin dituenik
Odon Elorzak ukatu du PSOEk aitortu ezineko itunak egin dituenik

0:46

Mertxe Aizpurua Gipuzkoako EH Bilduren Kongresurako zerrendaburuak esan du koalizioari botoa ematea "Espainiako eskuindar hiruko autoritarioari mezu argia helarazteko botoa" dela, eta PPren, Ciudadanosen eta Voxen buruei "zarata ateratzera eta probokatzera" etorri izana leporatu die.

Usurbilen egindako hitzartze batean, hautagai abertzaleak Pablo Casadoren, Albert Riveraren eta Santiago Abascalen ekitaldiak kritikatu ditu. "Haiek etxera itzuliko dira, Madrilera. Guk lanean jarraituko dugu, kalez kale politika egiten, herriz herri", adierazi du.

Aizpuruak uste du "eskuindar espainiarren" ordezkariak "zarata ateratzera besterik ez" direla etorri, "probokatzera". "Euskal Herriaren aurka kanpaina egitera. Hemen inor ez dute ordezkatzen. Ez dute ia ordezkaritza politiko eta instituzionalik. Defendatzen dutena gure herrialdeko gehiengo politiko eta sozialaren aurka doalako", azpimarratu du.

"Herri honetan ederki ezagutzen ditugu. Oso ondo dakigu zer egin zuten eta zer egiteko gai diren", adierazi du Aizpuruak. Izan ere, Casado, Rivera eta Abascal ez omen ziren etorri "botoak edo hauteskundeak irabaztera", baizik eta "gure herriaren mendekotasuna agerraraztera".

EH Bilduren hautagaiak uste du euskal herritarrek aukera dutela apirilaren 28an eskuindar horiei esateko "gure herrian ez dutela lekurik". "Herri eta gizarte moduan egin nahi dugu aurrera. Gure eskubide eta askatasunen alde lan egiten jarraitu behar dugu. Gure etorkizuneko demokraziaren eraikuntzan aurrera egin nahi dugu. Ez dugu milimetro bat egin nahi atzera", gaineratu du.

EH Bilduren aldeko botoa da Espainiako eskuina geldiarazteko bermea
EH Bilduren aldeko botoa da Espainiako eskuina geldiarazteko bermea
EH Bilduren aldeko botoa da Espainiako eskuina geldiarazteko bermea

0:51

Javier Maroto PPren Arabako zerrendaburuak esan du hauteskunde orokorretan EAJ bozkatzea "Pedro Sanchez bozkatzearen pare" dela.

Marotok Labastidan egin duten ekitaldi politikoan parte hartu du, eta apirilaren 28rako botoa oraindik erabaki ez dutenei zuzendu zaie.

"Etorkizuna dugu jokoan, gure ekonomia, pentsioak eta milaka familiaren enplegua; horregatik, herritarrei esan behar diegu Alderdi Popularra dela proiektu segurua", adierazi du.

Hautagai popularrak ohartarazi du ezkertiarrekin "atzeraldira, krisi berri batera eta lanpostu galerara" joateko arriskua dagoela. "Alternatiba sinesgarria eta arrazoizkoa dago, Alderdi Popularra, eta alderdi askok utzi dute argi euren jokabidea, EAJk adibidez, Sanchezen Gobernua babestea argi eta garbi", horregatik, "EAJ bozkatzea Sanchez bozkatzea" dela berretsi du.

Daniel Garcia Bastidako alkategaia izan da ekitaldian hitza hartu duen lehena, eta Araban botoa Marotori emateak duen garrantzia aipatu du, "Espainiako laguntza sozialen kontrola" bere esku egongo delako eta hori "arabarrek oso aintzat" hartzen dutelako.

Giza laguntzen sistema justu baten alde agertu da Javier Maroto
Giza laguntzen sistema justu baten alde agertu da Javier Maroto
Giza laguntzen sistema justu baten alde agertu da Javier Maroto

0:53

Albert Rivera Ciudadanosen presidentegaiak Errenterian egin du ekitaldi politikoa, tentsio giro handian, irain eta txistu artean, ehunka lagunek egin baitute protesta alderdi laranjaren presentziaren aurka.

Ekitaldian parte hartu dute Foruen plazan, era berean, Fernando Savater filosofo eta idazleak, Maite Pagazaurtundua UPyDren eurodiputatu eta Ciudadanosen hautagaiak, eta Joan Mesquida Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusi ohiak, besteak beste.

Oihuen eta kazeroladaren zarataren gainetik hitz egiten saiatu da Ribera, eta adierazpen askatasuna aldarrikatu du "zapaldu nahi gaituztenen" aurrean.

Ertzaintzak manifestariak jo ditu Ciudadanosen ekitaldian parte hartu dutenei bidea irekitzeko.

Hauteskunde Legea aldatu nahi du Cs-ek, nazionalistak Kongresutik kanporatzeko
Hauteskunde Legea aldatu nahi du Cs-ek, nazionalistak Kongresutik kanporatzeko
Hauteskunde Legea aldatu nahi du Cs-ek, nazionalistak Kongresutik kanporatzeko

0:25
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP PSN Hauteskunde orokorrak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Hautagaiak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Vox