Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren laugarren eguna
PP, Ciudadanos eta Voxen 'eskuintzarra' gelditzeko botoa eskatu du EAJk
Kanpainaren laugarren eguneko ekitaldietan, alderdiek Trebiñori buruzko erreferenduma, azpiegiturak, gobernagarritasuna eta asteburuko istiluak ere izan dituzte hizpide.
Agentziak | Erredakzioa
Lander Martinez Ahal Duguko idazkari nagusiak Elkarrekin Podemosek eskaintzen duen "etorkizun eta aurrerapen proiektua" bi egoeraren aurrean jarri du: "hiru eskuinen inboluzioa" eta "sozialisten eta Ciudadanosen arteko gobernua". Ohartarazi duenez, PSOE "ezkerrekoa da soilik moreek bultza egiten badute; bestela, laranja bihurtzen da".
Santurtzin egindako ekitaldian, Elkarrekin Podemos "euskal gizarteak onartzen eta defendatzen dituen balore ekosozialak, feministak eta pluraltasuna hobekien ordezkatzen dituen" indarra dela esan du Martinezek.
"Euskal gizarteak modu masiboan babesten gaitu, konfiantzazkoak garelako, badakielako zer itxaron gugandik, eta gai sozialen alde eta anitza den Euskadi baten alde gaudelako", esan du. "Iragarpen guztiak hobetu eta berriz Euskadiko lehen indarra izateko prest gaude", esan du Martinezek. "Entxufaturik eta itzalik gabeko herrialdea, pentsio duinak eta zerbitzu publikoak eta doanekoak dituena" defendatzen du Elkarrekin Podemosek.
Trebiñun egindako ekitaldian, Diputatuen Kongresuan Trebiñuren etorkizunari buruzko erreferendum "lotesle" bat eskatzeko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemosek, PSOE eta PPren "kontradikzioen" aurrean. Azaldu duenez, Euskadin Burgosen parte den enklabe hori Araban sartzearen "alde bozkatzen dute", baina gero, Diputatuen Kongresuan, neurri hori gauzatzea "galarazten" dute.
Juantxo Lopez de Uralde koalizio morearen Arabako zerrendaburuak Trebiñun gogorarazi duenez, gehiengoaren "eskakizun historikoa" dago enklabean Araban sartzeko, iraganean egin diren inkesta eta galdeketei erreferentzia eginez.
EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan duenez, hauteskundeen ostean "Madrilen jeltzaleek erabakitzen badute, eskuinek albo batean egoten jarraituko dute, oposizioan". Horregatik, EAJren aldeko botoa eskatu du, "PP, Ciudadanos eta Vox gelditzeko". Esan duenez, asteburuan "Euskadi 'kleenex' bat bezala erabili dute", zio "elektoralistekin".
Zornotzan (Bizkaia) egindako ekitaldi batean, "Rivera, Casado, Abascal eta eskuintzar osoa gelditzeko modu bat dagoela" esan du Ortuzarrek: "hutsaltasunera eramatea". "Euskadi 'kleenex' bat bezala erabiltzen dute: erabiltzen eta botatzen gaituzte, baina euskal herritarrek erantzun egingo diegu apirilaren 28an", esan du.
"Asteburu honetan Euskadira argazkia ateratzera etorri direnak" izan ditu hizpide Ortuzarrek. Argi utzi du "ez gatzaizkiela inportatzen". "Hauek ez dira pintxotan etorri: pintxatzera etorri dira, egoera behartzera argazki heroikoa ateratzeko. Iskanbila nahi zuten, iskanbila hori erraz saltzen delako Madrileko prentsan. Gaurko egunkari batzuk ikusi besterik ez da behar. 'Euskadiko indarkeriaren parke tematikora' etorri dira", salatu du.
"Haiek hona etorri ziren eta nekerik gabe joan ziren, baina kalean elkar jo dugunak euskal herritarrak gara, gure artean. Euskal ertzainak euskal manifestarien kontra. Haiek hona datoz, nahi zutena lortzen dute, eta gainera, gure artean elkar jotzea lortzen dute. Ez digute berriro sartuko! Jakin badakite gizarte hau, batuta, geldiezina dela!", esan du.
Arrasaten (Gipuzkoa) egindako ekitaldi batean, Iñigo Barandiaran Kongresurako EAJren Gipuzkoako hautagaiak pentsioen "kudeaketa zuzena" eskatu du Euskadirentzat, "izan daitezkeen mehatxu berrien aurrean". Gainera, gogorarazi du "EAJ izan dela igoera orokorra KPIri lotzeko akordioa lortu duena, eta pentsiodun guztientzat, ez soilik euskal herritarrentzat".
Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramailea eta Diputatuen Kongresurako PSE-EEren Arabako zerrendaburuak azpimarratu duenez, "Espainiako batasuna ez da inoiz arriskuan egongo" PSOE existitzen den bitartean. Gasteizen egindako ekitaldian, Fernando Buesa eta ETAk hildako beste buruzagi sozialistak izan ditu gogoan. Esan duenez, bere alderdiak "adorez" defendatu du beti Estatu konstituzionala.
Albert Riverak (Ciudadanos) Errenterian (Gipuzkoa) egin zuen ekitaldian gertatutako liskarrak gaitzetsi ditu ministroak. Pablo Casadok (PP) Pablo Sanchezi (PSOE) buruz esandakoak ere aipatu ditu –"eskuak odolez zikinduta izatea nahiago ditu zuriz margotzea baino"–, eta esan du "eskuinak azkenaldian esandako baieztapen askok min handia eman digute".
Hautagai sozialistak gogorarazi du bere alderdiak "beti ausardiaz eta errespetuz lan egin duela elkarbizitzaren alde", eta beti defendatu duela "mundu guztiak bakean eta askatasunean hitz egin ahal izateko" aukera, Ciudadanosek "zein gainontzeko alderdiek".
Zorrotzan (Bilbo), Pedro Saura Kongresurako PSOEren Murtziako hautagaiak PSOEk "guztiak sartzen diren herri proiektu bat" daukala esan du, eta horrek ekonomiaren modernizazioa, ongizate estatu "sendoa" eta trantsizio ekologikoa ditu oinarri. "Arrisku bat dago, eta hori da espainiar eskuinaren ultraliberalismoa, gero eta erradikalagoa dena, Vox hiru eskuinen kanpainaren eta bide-orriaren eredua ezartzen ari delako", ohartarazi du.
Azpiegituren estatu idazkariak defendatu duenez, gizarte politiken barruan etxebizitza eta mugikortasuna daude. Zentzu horretan, Euskadin azpiegiturak "desblokeatzen" ari direla nabarmendu du, lehiakortasunean eta gizarte kohesioan irabazteko. Azpimarratu duenez, hamar hilabetean, gobernu sozialistak EAErentzako esleipenak boskoiztu ditu.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "faxistei festa zapuzteko eta nahigabe bat emateko" eskatu du botoa. "Euskal Herrian, zero diputatu Voxentzat, zero diputatu Ciudadanosentzat eta, suerte apur batekin, agian zero diputatu PPrentzat, Epainiar estatuan inboluzio antidemokratiko bat egon ez dadin", esan du.
Bilbon egindako ekitaldi batean, EH Bilduren konpromisoa eskuinak eta "euren proiektu autoritarioa doan" gelditzea dela esan du Otegik, "txifatxitoaren aurrean, gure herrialdeak demokrazia oso bat eraiki nahi du, pertsonen eskubideak eta askatasunak errespetatuko dituen eta bizitza proiektuak modu duin batean burutzeko aukera emango duen demokrazia".
Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak, bestalde, EH Bilduk botoak euskal herritarren bizi baldintzak "duinak" izan daitezen erabiliko dituela esan du, "euren bizitza proiektuak baldintza duinetan garatu ahal izateko".
"Pentsio duinak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lan baldintza duinak eta 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatuz gure herrialdeko kaleak hartzen dituzten milaka pertsonen ahotsa Madrilen entzunarazteko lan egingo dugu, baita gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunera heltzeko neurriak eta politikak bultzatu ere", bukatu du.
Oñatin, Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu Kongresurako Gipuzkoako zerrendaren lehenengoak eta bigarrenak esan dutenez, gaur egungo "egoera mantentzeko edozein tentazioa saihestea" da koalizioaren konpromisoa, eta ondorioz, "PSOE-Ciudadanos gobernu bat saihestea", horrek "dagozkigun eskubideetan eta askatasunetan sakontzea eta soilik Euskal Errepublika daukagunean posible izango den gure etorkizuneko demokraziaren eraikuntzan lan egitea" galaraziko lituzkeelako.
Iñigo Arcauz Kongresurako PPren Gipuzkoako zerrendaburuak "momentu zail hauetan batasun nazionalaren garrantzia" nabarmendu du, eta nazionalismoak "Euskal Herrian 'bide katalan' bat proposatu dezakeela" ohartarazi du. Horregatik, "oso batuta" egon behar da.
Donostian egindako ekitaldi-omenaldi batean, Arcauzek "babesa eta onarpena" adierazi die terrorismoaren biktima guztiei, "gure maitasuna eta gure adorea senti dezaten", bereziki "Espainiarako momentu zail hauetan".
"Oraindik argitzeke dauden ETAren hilketen argitzea" aldarrikatu du, eta "azken urteetan bizi dugunaren kontakizun erreala eta zintzoa", "duintasunez eta justiziaz".
Bilbon, Voxek eta Ciudadanosek Euskadin egin zituzten hauteskunde ekitaldietan izan ziren istiluen erantzuleen kontra egitea eskatu du Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak. EAJk "erasotzaileen eta erasotuen artean erruak banatzea erabat onartezina" da Alonsorentzat. Gainera, PSOEko buruzagi Pedro Sanchezi "hausnarketa" eskatu dio, "gorrotoaren botoak eskatu ez ditzan eta gorrotoaren botoen gainean gobernatu ez dadin", EH Bilduri erreferentzia eginez.
"Bestela pentsatzen duten" eta asteburuan Euskal Herrira "beren eskubide demokratikoak eta askatasuna erabiltzera" etorri ziren pertsonak ere defendatzen dituela esan du Alonsok. "Batzuk datoz, Alderdi Popularra kritikatzen dute eta Madrilera itzultzen dira, baina hona etortzeko, adierazteko eta ekitaldiak egiten ari diren bitartean gogaituak ez izateko eskubidea daukate, erasotuak ez izateka eta askatasunerako eskubidea daukate", gehitu du.