Hauteskunde Orokorrak -

Kanpainaren itxiera Estatuan

Estatuko hautagai nagusiek promesak egiten eta mokoka amaitu dute kanpaina

Sanchezek esan du "Espainiaren eta Kataluniaren esperantza" dela, PPk eta Voxek ezkertiarren botoa eskatu dute, Ciudadanosek ezustekoa eman nahi du, eta Unidas Podemosek Sanchez koaliziora behartu.

Estatuko presidentegai nagusiak. Argazkia: EiTB
Estatuko presidentegai nagusiak. Argazkia: EiTB
Estatuko presidentegai nagusiak. Argazkia: EiTB

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuko bost hautagai nagusiek amaiera eman diote hauteskunde orokorretarako kanpaina historiko honik, inoiz izan den laburrenari, promesa artean, baina elkarri mokoka.

PSOE

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izateko PSOEren hautagaiak Bartzelonan itxi du kanpaina, sozialistak "Kataluniaren eta Espainiaren esperantza" direla aldarrikatzen, eta bere proiektua "bizikidetzarena eta irtenbideena" dela esaten.

"Datorren igandean, Katalunia gorriz pintatuko da berriro, lehen indar politikoa izango garelako hauteskunde orokorretan", adierazi du hautagaiak, La Firan, 3.500 lagunen aurrean, "hauteskunde kanpaina bat Bartzelonan itxi duen lehenengo Gobernuko presidentea" dela esan aurretik.

"Hemen dago bizikidetza nahi duen Katalunia, borrokaren aurka dagoena; demokraziaren ordena nahi duena, eta indarkeria errefusatzen duena; hemen da irtenbideen Katalunia, eta ez gatazkena", azaldu du hautagaiak, eta gobernura iritsiz gero erreforma sozialak eta diktaduraren eta faxismoaren gorazarre delituak Zigor Kodean sartuko dituela hitzeman du.

Sanchezek uste du Katalunian "denon artean" emango diotela amaiera bizikidetza krisiari, eta ziurtatu du "sozialista kataluniarren ekarpenak" aitorpena jasoko duela.

Ciudadanos

Albert Rivera Ciudadanoseko presidentegaiak “ezustekoa” espero duela adierazi du kanpaina amaierako ekitaldian. “Ezustekoa gertatuko da liberalek, zentrokoek eta ausartek bozkatzen badute”, nabarmendu du, eta “Espainia moderatzeko” deia egin die “moderatuei”.

“Igandean aukera dugu Sanchezi esateko ez dugula hanka sartu bozkatzen”, esan du Riverak, eta PSOEko burua “oposiziora” bidaliko dutela ohartarazi du, Biltzarren Jauregian egindako ekitaldi batean. Ciudadanoseko kanpainaren ekitaldi jendetsuena izan da.

Riverak hainbatetan egin du Sanchezen aurka, eta igandean kataluniarrei bozkatzeko eskubidea bermatzea eskatu dio.

Gainera, Katalunian Konstituzioa defendatzea galdegin dio Espainiako Gobernuko presidenteari, eta “hainbat hamarkadaz nazionalistei ordainak eman izana” leporatu die PPri eta PSOEri.

Unidas Podemos

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko zerrendaburuak “PSOEren plana desegiteko” eskatu du koalizio ezkertiarraren alde bozkatzea, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean lortu ez zuten koalizio gobernua lortzeko helburuz.

Unidas Podemosek Madrilgo Ifema erakustazokan eman dio amaiera hauteskunde kanpainari. Bertan, 5.000 pertsona bildu dira, eta Kiko Veneno eta O’ Funk’illo musikariek kontzertua eskaini dute. Alberto Garzon IUko burua eta Ada Colau Bartzelonako alkatea ere izan dira.

Ekitaldi horretan, Iglesiasek PSOE akordioak adostera behartzeko “giltza” dutela esan die Unidas Podemosen boto-emaileei: “indartsu bagaude, PSOEko militanteek eurek galaraziko dute PPrekin akordioa lortzea; izan ere, hala egingo balute, ez lukete berriz gobernatuko Espainian”.

“Badirudi kezka dagoela Moncloan”, adierazi du Iglesiasek. Bere aburuz, PSOE ez da gehiengo osotik gertu geratuko, eta Unidos Podemos ez da amilduko.

PP

Pablo Casado PPren presidentegaiak botoak bere alderdian pilatzeko deia egin du, eta “boza uzteko” eskatu die boto-emaile sozialistei, Voxekoei eta Ciudadanosekoei, “Espainiaren etorkizuna jokoan” dagoelakoan.

Las Ventas zezen plazan egindako kanpaina itxierako ekitaldian, horrela zuzendu zaie “Espainiak min egiten dien fede oneko” sozialistei, eta “une batean” PPri “botoa emateari utzi zioten” Ciudadanoseko eta Voxeko jarraitzaileei.

Zezenketei erreferentzia eginez, hau adierazi du: “Toreatzaileari belarria emateko zale guztiek zapi zuriarekin bat egin behar duten moduan, orain PPren aldeko boto-paperarekin joan beharra dago”.

Izan ere, bere aburuz, aukerak hauek dira: “PP edo PSOE, PP edo krisia, PP edo zatiketa”. Horregatik, espainiar guztien mesederako “proiektu anitza” eskaini du, “baita nazionalistei ere”.

Vox

Santiago Abascal Voxen presidenteak “irabazi” egin nahi ditu igandeko hauteskunde orokorrak. Horretarako, ezkertiarren eta eskuindarren botoa eskatzen itxi du kanpaina. “Espainiar guztien babesa nahi dugu alternatiba patriotiko eta nazional handia osatzeko”, aldarrikatu du.

Voxek Madrilgo Colon plaza aukeratu du berriro kanpainako ekitaldi nagusia egiteko, dagoeneko alderdiaren “ikono” bihurtu baita lekua. Abascalek, harro, esan du berea dela jarraitzaileak bertan biltzera “ausartzen” den bakarra, gainerakoak beteko ez duten beldur direlakoan.

Hitzaldian, Abascalek aurkarien aurka jo du, eta Pablo Casado PPko buruzagiaren boto erabilgarrirako deia deitoratu du. Baina normalean boto-emaile ezkertiarrak direnei ere zuzendu zaie, PSOErengandik “abandonatuta” sentitzen direnei: “Horiek ere sartzen dira Voxen proiektuan”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP EAEko hauteskundeak Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Pablo Iglesias Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak Pedro Sánchez Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Albert Rivera Hauteskundeak Pablo Casado Blanco Vox Santiago Abascal Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Hauteskunde inkestak Senatua