X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Epea, gauerdira arte
Gorena Bildu hauteskundeetan izango den ala ez eztabaidatzen ari da
61. Salako 16 magistratuek Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak aurkeztutako errekurtsoak eta Bilduren helegiteak aztertzen ari dira.
Leire Etxazarra
Auzitegi Gorena Bilduren etorkizunaren inguruan zein erabaki hartu azteruko du goizeko 10:00etatik gauerdira bitartean. Ostiralean, eta ezustean, helegiteak aurkezteko epea 24 ordutan luzatzea erabaki ondoren, EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioak egun erabakigarria du gaurkoa, azkenengo helegiteak bart gauerdi aldera aurkeztu ondoren.
Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak Bilduren zerrenda guztien kontra egitea erabaki dute: Fiskaltzak 18 hautes-elkarteren kontrako errekurtsoa aurketu du eta Abokatutzak, bestalde, 16ren kontrakoa. Bien ustez, Bildu Batasunak hauteskundeetan egoteko sortutako tresna baino ez da.
Aurkaratzeak bi prozeduratan banatu dituzte. Alde batetik, Bilduren kontrako errekurtsoak eta bestetik gainontzeko hautes-elkarteen kontrakoak.
Estatuaren argudioak
Abokatutzaren eta Fiskaltzaren tesien arabera, Bildu legez kanpoko ezker abertzalearen baliabide hutsa litzateke erakunde demokratikoetan izateko helburuan.
Gauzak horrela, Bildu Batasunaren "b plana" litzateke Auzitegi Gorenak Sortu Alderdi Politikoen Erregistroan izen ematea debekatu ondoren.
Gainera, Bildu hauteskundeetarako koalizioa izanik, ez du erregistro horretan izena eman behar, ondorioz, erregistroa debekatu eta koaliziak aurrera egitea saihesteko modurik ez dago.
Bilduren argudioak
Aurkeztutako helegiteetan, 3.743 hautagaiek etika kodea sinatu duela adierazten du Bilduk. Kode horren bidez, udal eta foru hauteskundeetarako zerrendagaiek terrorismoa baztertzen dute, ETArena barne, baita giza eskubideen defentsarekiko konpromisoa agertu ere. Bildu legezko alderdi politikoek osatzen dute (EA eta Alternatiba). EA, gainera, hauteskunde ezberdinetan izan da, ezker abertzalearen hautagaiekin lehian, eta horrek bata bestearengandik bereizten ditu.
Magistratuak
Prozedura bakoitzaren txostengileak, Bildurena eta hautes-elkarteena, Manuel Alarcon eta Rafel Gimeno-Bayon izango dira, hurrenez hurren. Biak, aurrerakoiak.
Alarcon eta Gimeno-Bayon izan ziren, hain zuzen, martxoaren 24an Sorturen debekuaren kontra bozkatu zuten zazpi magistratuetako bi.
Xavier O''Callaghan Muñoz magistratuaren presentzia ere kontuan hartzeko datua da. Salako 16en artea izango da Sorturen bozkaketan Jesus Corbalek ordezkatu ostean. Corbal ezker abertzaleko alderdiaren debekuaren alde agertu zen.
Magistratu guztiek Sorturen auzian emandako boto berari gusten badiote, eta O''Callaghan Bilduren alde agertuko balitz, zortzina berdinduko lukete.
Berdinketa izaten bada, zer?
Beraz, baliteke botazioan berdinketa ateratzea. Horrela bada, sistema ez da Auzitegi Konstituzionalarena, hau da, kasu honetan Auzitegiko presidenteak, Carlos Divarrek, ez luke kalitateko botoa izango. Horren ordez, Diskordiaren Sala izenekoa osatuko lukete: 61 Salan beste magistratu bat, hiru edo bost sartuko lituzkete, eta horrela botoen kopurua bakoitia izango litzateke.
Magistratu horien aukeraketa nola egiten dute eta Goreneko zein Salatatik hartzen dituzte, 61 Salakoek beraiek erabakiko dute.
Bestelako errekurtsoak eta epeak
Gorenaren erabakia bata zein bestea izan, epaiari Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa jartzeko aukera dago. Bilduk bide hau erabiltzeko asmoa agertu du Gorenak koalizioa legez kanpo uztea erabakitzen badu. Konstituzionalak osteguna arte, maiatzak 5, izango luke erabakia hartzeko.
Hurrengo pausoa, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea da, Strasbourgen.
Hala ere, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren (Loreg) azken aldaketak bide berri bat zabaldu du: Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak Bilduren zerrenden aurka egin dezake hauteskunde kanpainan.
Legearen aldaketa horren aurretik, Konstituzionalak kanpaina hasi baino lehen hartu behar zuen erabakia. Orain, aldiz, legez kanpo egoteko susmoa sortzen duten alderdien zein koalizioen aurka egiteko aukera izango dute maiatzaren 12a arte; hau da, hauteskunde kanpainia hasita.
Bilduren zerrenden kontra egitea berriro erabakiko balute, Gorenak maiatzaren 15a arteko epea izango luke erabakitzeko. Konstituzionalak, bestalde, maiatzaren 20aren gauerdira arteko epea izango luke behin betiko erabakia hartzeko, hau da, hausnarketa-egunaren atarian eta hauteskundeen hasierarako bi egunera.