Ekonomia -

U30eko greba orokorra

U30eko greba orokorrean atxilotutako 10 manifestari aske utzi dituzte

Iluntzean, istiluak izan ziren Iruñerrian. Guardia Zibilak eta Foruzaingoak bederatzi pertsona atxilotu zituzten, horietako bat guardia zibil bati eraso egitea egotzita.

U30eko greba deialdiarekin bat egin duten manifestari batzuk, Gasteizen. Argazkia: EFE
U30eko greba deialdiarekin bat egin duten manifestari batzuk, Gasteizen. Argazkia: EFE
U30eko greba deialdiarekin bat egin duten manifestari batzuk, Gasteizen. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, osteguna, 19 pertsona atxilotu zituzten greba orokorraren harira hainbat lekutan, protestekin lotuta. Dena dela, lehen orduetan atxilotutako 10 manifestari aske utzi zituzten arratsaldean. Inputatuak, berriz, bederatzi dira.

Iluntzean, istiluak izan ziren Cordovillako (Nafarroa) Morea merkataritza-gunearen inguruan. Guardia Zibilak eta Foruzaingoak bederatzi pertsona atxilotu zituzten, horietako bat guardia zibil bati eraso egitea leporatuta. Gainerakoak, bezeroen sarbidea zailtzen saiatzeagatik atxilotu zituzten.

Burlatan (Nafarroa), berriz, LAB sindikatuko lau kide atxilotu zituzten, Areta industrialderako sarbidea oztopatzeagatik, hormigoizko bidoietan kateatuta. Iruñeko Donibane auzoan pikete bat atxilotu zuten, eta Espainiako Poliziak hainbat karga egin zituen.

Testuinguru horretan, bi pertsona atxilotu zituzten goizaldean Donostian, bi banketxetako kutxazainetan kalteak egin eta greba orokorrari babesa adierazteko dei eginez pintaketak egitea leporatuta.

Zornotzan (Bizkaia), bi manifestari atxilotu zituzten, Boroako industrialdean barrikadak jarri ostean, desordena publikoak egitea leporatuta.

Horrez gain, pertsona bat atxilotu zuten Ermuan (Bizkaia), udaltzain bati eraso egitea egotzita. Gainera, atxilotuarekin zihoazen beste bi pertsona identifikatu zituzten, pintaketak egiteko tresnak zeramatzatelako aldean.

Bestalde, 00:30 aldera, lanuzteekin bat egiteko gonbita eginez Bilboko kaleetan kalejira egiten ari ziren bi laguni piroteknia-materiala atzeman eta espedientea ireki zieten, Herritarren Segurtasunerako Legea baliatuta. Arrasaten, ezezagun batzuek kutxazain bat gasolinaz busti zuten eta su eman zioten.

Bideoa | Ordu laurdenez Bilboko San Mameseko sarbideak moztu dituzte manifestariek:

Ordu laurdenez Bilboko San Mameseko sarbideak moztu dituzte manifestariek
Ordu laurdenez Bilboko San Mameseko sarbideak moztu dituzte manifestariek
Ordu laurdenez Bilboko San Mameseko sarbideak moztu dituzte manifestariek

2:15

Istilu bakanak

Bilbon, lehen orduan, dozenaka manifestarik eserialdia egin zuten San Mameseko sarbidean, eta, ondorioz, minutu batzuetan itxita egon zen. Ertzaintzak dispositibo zabala jarri zuen abian, eta espaloira igotzeko agindu zien manifestariei. Ondorioz, errepidea libre geratu eta zirkulazioa bere onera itzuli zen. Juan de Garay eta Errekaldeko zubitik Bilbora sartzeko bideak ere itxi zituzten lehen orduan. Alabaina, horiek ez ziren izan Bizkaiko hiriburuan jazo ziren gorabehera bakarrak. Izan ere, edukiontziak erre zituzten hainbat tokitan.

20:15 inguruan, edukiontziak gurutzatu zituzten eta su eman zioten horietako bati. Suhiltzaileek itzali behar izan zuten. 21:00ak inguruan, objektuak jaurti zizkieten Plaza Barriko ostalariei, baina ez zuten inor zauritu.

Bizkaiko beste leku batzuetan ere gorabeherak izan ziren goizean, eta ibilgailu-karabanek zirkulazioa moteldu zuten A-8 autobidean (Ortuella eta Bilbo artean), BI-604 errepidean (Erandio eta Enekuri artean) eta BI-637 errepidean (Leioa eta Bilbo artean). Egoera bere onera etorri zen 08:15ean, baina ilarak sortu ziren Larreagaburuko zubiaren inguruan, BI-631 errepideko sarbidean (A-8 autobidea) egindako manifestazio baten ondorioz.

BI-635 errepidea ere itxita egon zen, Orozkon, edukiontzi batzuk erre zituztelako goizaldean, eta EAEko beste toki batzuetan ere gurutzatu zituzten edukiontziak.

Bestalde, Bilboko Metroan ere izan zuen eragina greba orokorrak, eta Urduliz eta Plentzia arteko zerbitzua etenda egon zen minutu batzuetan, piketeek trenbidera kate bat jaurti ostean.

Gainera, 07:45 aldera, Bilboko tranbia zerbitzua eten zuten, Euskalduna Jauregiaren eta Casilla plazaren artean, Basurtuko Ospitalearen inguruan pilatu zen jendetza dela eta. Horrez gain, Pio Baroja plazaren eta Arriaga Antzokiaren arteko zerbitzua ere bertan behera egon zen 10:30 aldera.

Gasteizko Udaltzaingoak bi pertsona identifikatu zituen, zirkulazioa etetea leporatuta. Gainera, istilu txikiren bat izan zen erdigunean, udaltzainak edukiontziak irauli zituen talde bat identifikatzen saiatu zirenean. Izan ere, manifestariek inguratu egin zituzten, eta agenteek laguntza eskatu behar izan zioten Ertzaintzari horiek sakabanatzeko.

Gainera, tranbia zerbitzua bertan behera geratu zen Antso Jakitunaren eta Angulema kaleen artean manifestazioen ondorioz.

Nafarroan, N-1 errepideko tunelak itxi zituzten goizean, Altsasu eta Etzegarate artean.

Berrizen, piketeek pinu bat moztu zuten 05:45ean, eta Euskotrenen katenariaren gainera erori zen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi zionez. Ondorioz, Berriz eta Zumaia arteko zerbitzua eten zuten, bi noranzkoetan. Dena den, Euskotrenek autobusez eman zuen bi udalerri horien arteko zerbitzua.

Hendaiako eta Ficobako (Irun, Gipuzkoa) geltokien arteko Euskotrenen zerbitzua 09:30 aldera berrezarri zuten, bi orduz etenda egon ostean. Izan ere, manifestari batzuek greba orokorraren aldeko eserialdia egin zuten bidean. Protesta horrek atzerapenak eragin zituen zerbitzuan.

Bideoa | Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz eten dute manifestariek:

Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz moztu dute manifestariek
Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz moztu dute manifestariek
Hendaia eta Ficoba arteko Topoa bi orduz moztu dute manifestariek

0:49
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Amurrio Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Bilbo erdialdeko sarbidea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Gasteiz Guardia Zumaia Oiartzun Albisteak Euskotren Manifestazioak Bilbobus Berriz Gorobel magaleko kuadrilla