Gizartea -
Indarkeria matxista
Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen ostiraletik indarkeria matxistagatik
Erasoak Gamarrako Atean, Zaramaga kaleetan eta Sansomendi auzoan egin dituzte. Gainera, beste gizonezko bat ere eraman dute atxilo, amari erasotzeagatik.
Erredakzioa
Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen asteburuan indarkeria matxista egotzita, Udalak ohar batean jakitera eman duenez. Hain zuzen ere, erasoak ondorengo lekuetan gertatu dira: Zaramaga kalean eta Sansomendi auzoan, ostiralean, eta Gamarrako Atean, larunbatean. Gainera, beste gizonezko bat ere eraman dute atxilo, Arabako hiriburuan ere, etxe-indarkeriako delitu bat leporatuta, igandean amari erasotzeagatik.
Udaltzaingoaren agenteek 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, bikotekideari arma zuri batez mehatxatu izanaren delituaren ustezko egilea delakoan. Erasoa Gamarrako Atea kalean izan zen, eta, antza denez, bikotea eztabaida sutsuan zebilen ibilgailu baten barrualdean. Jakinarazpena jaso ondoren, udaltzainak bertara joan ziren, baina iritsi orduko biktima bakarrik zegoen. Biktimak udaltzainei baieztatu zien eztabaidan eta borrokan ibilia zela bikotekidearekin. Gizonak labana batez mehatxu egin zion, eta, gero, hurbileko paperontzi batera bota zuen. Udaltzainek han inguruan topatu zuten gizonezkoa, baita labana ere; bi bertsioak entzun ondoren, atxilotu zuten gizona. Borrokaldi horretan, biktimak esku batean zauri bat jasan zuenez, patruila batek ospitalera eraman zuen, eta gero Agirrelandako polizia-etxera, salaketa jar zezan. Atxilotua epailearen esku jarri zuten.
Ostiralean, Udaltzaingoaren agenteek 19 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten Zaramaga kalean, genero-indarkeriako delitu batengatik, autobus-markesina batean emakume bati eraso egin ondoren. Erasoaren ostean, gizonezkoak bertatik alde egin zuen, baina handik pixka batera aurkitu zuten, lekuko batek emandako deskribapenari esker. Epailearen esku jarri zuten.
Ostiralean bertan, halaber, Udaltzaingoak 23 urteko mutil gazte bat atxilotu zuen, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, Sansomendiko auzoko bere etxebizitzan bikotekideari eraso egin ondoren. Eztabaida batean zebiltzala izan zen erasoa. Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku jarri zuten larunbat goizean.
Etxe-indarkeria
Horrez gain, Udaltzaingoaren agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igandean, etxe-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delakoan.
Gertaera horiek larunbat goizean hasi ziren, gizonezko horren eta haren amaren arteko istiluekin. Istilu horietako batean, arratsaldean, gizonezkoak emakumea mehatxu zuen eta eraso egin zion. Gauean, gazte hori Zabalgana auzoko familia-etxebizitzatik lanera joateko atera zenean, biktimak 092 zenbakira deitzeko eta gertatutakoa kontatzeko aprobetxatu zuen, eta horri zegokion salaketa jarri zuen Agirrelandako polizia-etxean. Udaltzainek, zenbait kudeaketa egin ondoren, erasotzailea aurkitu, atxilotu eta epailearen esku jarri zuten.
__________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.