Gizartea -

KORONABIRUSA

PCR proben gaineko positiboen kopurua % 5etik jaitsi da Euskadin

Horrela, uztaileko azken egunetako kasu positiboen mailaren antzekoa dauka EAEk, eta 290 kasu berri ditu. Nafarroak, bere aldetik, 283 kasu positibo eta bi heriotza zenbatu ditu.

Pertsona bat bizikletarekin, Basurtuko Ospitalearen ondoan. Argazkia: EFE
Pertsona bat bizikletarekin, Basurtuko Ospitalearen ondoan.
PCR proben gaineko positiboen kopurua % 5etik jaitsi da Euskadin

1:32

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn, 290 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Zehazki, Euskadin baieztatutako kasu berrietako 134 Bizkaian atzeman dituzte, 117 Gipuzkoan eta 31 Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren 8 pertsonak eman dute positibo azken orduetan EAEn egindako PCR probetan.

Halaber, gaitza atzemateko 5.990 PCR proba egin zituzten atzo, Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Horrela, igandean egindako PCR probekin alderatuta, COVID-19an positibo eman dutenen ehunekoa % 4,8ra jaitsi da.

Hala, datuek erakusten dute koronabirusean positibo eman dutenen ehunekoa uztaileko azken egunetakoen antzekoa dela; izan ere, uztailaren 21etik abuztuaren 2ra bitarteko astean adierazle hori % 4,6an kokatu zen, eta ordutik % 5eko maila optimoaren gainetik egon da.

Araban, kutsatu gehienak Gasteizen atzeman dituzte (26). Bizkaian, berriz, askoz zabalduago dago gaitza udalerrien artean: Bilbon, adibidez, 51 kasu baieztatu dituzte, Getxon 9 eta Barakaldon zein Sestaon 7. Gipuzkoako egoerari dagokionez, Donostian 34 kutsatu zenbatu dituzte, Irunen 10 eta Arrasaten 9.

Koronabirusak Euskadin eragindako egoera epidemiologikoari buruzko bilakaera esteka honetan dago eskuragarri. Azken orduetan herriz herri atzemandako positibo berriak ageri dira bertan, pandemia hasi zenetik zenbatutako kasu guztiak eta kasuak adin-taldeen arabera sailkatuta.

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 159 emakumeak dira eta 131 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 69 urte baino gutxiago dituzte; batez ere, 20 eta 29 urte bitartean (46 kasu).

Covid-19a duten 20 pertsonak 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta 39k, berriz, 30 eta 39 urte bitartean. Halaber, azken orduetan atzemandako 34 kasutan, gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.

Osasun Sailak jakinarazi duenez, positibo eman duten 41 pertsonak 40 eta 49 urte bitartean dituzte, 36k 50 eta 59 urte bitartean, 32k 60 eta 69 urte bitartean eta beste 35ek 70 urtetik gora.

0,9 da gaurko R0 indizea (atzo 0,95 zen).

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun 63 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko oharrean emandako datuen arabera. Une honetan, COVID-19ari lotuta 269 pertsona daude gela arruntean, eta horietatik 25 azken orduetan ospitaleratu dituzte.

Nafarroak 283 kasu positibo eta bi heriotza zenbatu ditu

Nafarroan 283 kasu positibo berri izan ziren atzo, Nafarroako Osasun Publikorako eta Lan Osasunerako Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 1.771 (% 15,7) PCR proba egin ostean.

Atzo, gaixotasun horrekin lotutako 8 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroako ospitaleetan, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan. 92 urteko gizon bat eta 86 urteko emakume bat hil ziren atzo Nafarroan, eta, ondorioz, guztira 547 dira hildakoak.

Zonaldeka, Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 48 daude, Tuteran % 13, eta Lizarran % 5.

Adin-tarteen araberako kasuen banaketari dagokionez, 30 eta 44 urte bitartekoen taldea da nagusi (% 26), 15 urtetik beherakoen taldea (% 21) eta 15 eta 29 urte bitartekoen taldea (% 19) atzetik. Ondoren, 45 eta 59 urte bitartekoen taldea (% 17), 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 12) eta, azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea (% 6) dago. Kasu berrien batez besteko adina 36,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, % 51 emakumeak dira eta % 49 gizonak.

Nafarroako ospitale-sarean 135 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19raekin; horietako 8 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, eta beste 19 etxeko ospitaleratzean. Gainerakoak, 108 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, gaur egun, 13.110 dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Bilboko azken albisteak Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Ermua Eibar bideoak Eusko Jaurlaritza Tolosa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Medikuak Getaria Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea Osasunbidea gaur