Gizartea -

Koronabirusa

336 kasu gehiago izan dira Euskadin eta 272ra jaitsi dira Nafarroan

Foru Erkidegoan sei hildako zenbatu dituzte azken orduetan eta EAEn positiboen portzentajea % 4,5era jaitsi da, 7.424 PCR proba egin direla.

Osasun langilea PCR probekin. Argazkia: EFE
Osasun langilea PCR probekin
Osasun langilea PCR probekin. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 336 kutsatu berri (64 gehiago) atzeman ditu astelehen honetan egindako 7.424 PCR probetan. Gainera, azken 24 orduetan 33 pertsona ospitaleratu dituzte eta 56 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago.

Datu positibo horiek egindako 7.424 PCR proba guztien % 4,5 dira, igandeko % 5,06aren aldean (212 positibo zenbatu eta 5.366 PCR proba egin zituzten), Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera.

Ospitaleetako egoerak hobera egin du apur bat; izan ere, 304 pertsona zeuden ospitaleratuta igandean (245 gela arruntetan eta 59 zainketa intentsiboetako unitateetan), eta 296 atzo (240 gela arruntetan eta 56 zainketa intentsiboetako unitateetan). Hobetze hau eman da, nahiz eta astelehenean 33 pertsona ospitaleratu zituzten, eta bezperan 14 baino ez.

Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen zehazten duen indizea (R0) 1etik behera dago oraindik, baina apur bat igo da, 0,95era, aurreko 0,92aren aldean.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 168 kasu berri izan dira Bizkaian (aurreko egunean 114 izan ziren). Bilbon 50 kasu berri zenbatu dituzte (igandean baino 30 gehiago), Portugaleten 17, Barakaldon 14 eta Santurtzin 13 gehiago.

Gipuzkoan, 112 positibo berri erregistratu dituzte (igandean 123 izan ziren): Donostian 20 kasu gehiago, Lasarte-Orian 10 positibo berri, Errenterian 7, Azpeitian 6 eta Zumarragan beste 6.

Araban, berriz, 52 positibo berri atzeman dituzte (31 bezperan), horietatik 48 Gasteizen, aurreko egunean baino 23 gehiago.

Halaber, Euskaditik kanpo bizi diren lau pertsonek positibo eman dute, igandean bezainbeste.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoari buruzko bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak, pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Intzidentzia adinaren arabera

Detektatutako 336 positibo berrietatik, 178 gizonezkoei dagozkie eta 158 emakumezkoei. Adinaren arabera, positiboen zifrarik handiena 50 eta 59 urtekoen artean dago (57 kutsatze berri) eta 56 positibo zenbatu dituzte 10 eta 19 urtekoen artean. Beste 55 kasu 40 eta 49 urte bitartekoen artean gertatu dira, 50 positibo 10 urtetik beherakoen artean eta beste 38 kasu 20 eta 29 urtekoen artean. Gainera, 25 kutsatze berri daude 30 eta 39 urtekoen artean, eta 17, berriz, 60 eta 69 urtekoen artean.

Adinekoen kolektiboaren artean (beste adin-talde batzuenak baino konplikazio larriagoak izateko joera handiagoa dutenak), 17 kasu berri erregistratu dira 70 eta 79 urte bitartekoen artean, 11 positibo berri 80 eta 89 urte bitarteko pertsonen artean, eta ez dute positiborik atzeman 90 urtetik gorakoen artean.

Bestalde, koronabirusak eragindako infekzio kasuengatik itxita dauden EAEko ikastetxeetako ikasgelen kopurua 103ra jaitsi da (113 izan ziren astelehenean), eta ez dago ikastetxerik itxita.

Dagoeneko 15 dira Arabako erresidentzietan hildakoak

Arabako erresidentzia bateko erabiltzaile bat hil da COVID-19arekin azken orduetan, eta, ondorioz, 15 pertsona hil dira koronabirusaren pandemiaren bigarren olatuan.

Hildakoa Gasteizko Agure Arkaiate adinekoentzako etxebizitza komunitario pribatuaren erabiltzailea zen. 90 urte zituen eta ospitalean zegoela hil da, Aldundiak jakitera eman duenez.

Bestalde, Tagore eta Albertia adinekoentzako egoitzetan dagoeneko ez dago positiborik.

Gaur egun, Foru Aldundiak emandako datuen arabera, COVID-19aren 60 kasu aktibo daude lurraldeko egoitzetan eta beste 82 pertsona sendatu dira pandemiaren bigarren oldean.

Gainera, koronabirusagatik bajan daude 45 langile, positiboak direlako edo kontaktu zuzena izateagatik berrogeialdian daudelako.

Hildako bat Gipuzkoako egoitzetan

Donostiako Alai-Etxe zentroko erabiltzaile bat hil da COVID-19arekin azken orduetan, eta beste bi kasu positibo atzeman dituzte bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, pandemiaren bigarren olatu honetan Gipuzkoako egoitzen sarean lehen positiboa atzeman zutenetik 26 pertsona hil dira eta 45ek gaixotasuna gainditu dute.

Une honetan, COVID-19arekin 63 kasu positibo daude bost egoitzatako erabiltzaileen artean: Hernaniko Santa Maria Magdalenan (9), Errenteriako Jesusen Bihotzean (4), Donostiako Alai-Etxen (26), Bergarako Mizpirualden (23) eta Donostiako La Pazen (1).

Iturri horren arabera, 11 pertsona ospitalean daude, eta beste 40 Eibarko zentroan.

272 kasu positibo Nafarroan

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, COVID-19aren pandemiak eragindako 272 infekzio kasu berri atzeman zituen atzo Osasun Departamentuak, 2.089 PCR egin eta gero, eta % 13 positiboak izan ziren. Atzo gaixotasun horren ondorioz 6 pertsona hil zirela jakinarazi dute: 51, 94, 89 eta 81 urteko 4 emakume eta 87 eta 86 urteko 2 gizon. Zainketa intentsiboetako unitateetako ospitaleratzeak egonkor jarraitzen du, 24 pertsona ospitaleratuta baitaude.

Nafarroa da, oraindik ere, 1.000 biztanleko PCR proba gehien egiten dituen erkidegoa: 1.000 bitanleko 411,24 PCR (ia bikoiztu egiten du Estatuko batez bestekoa, hau da, 214,78 1.000 biztanleko), Osasun Ministerioaren datu ofizialen arabera.

Ikuspegi geografikotik, Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 53 erregistratu ziren, ondoren Tuterako eremuan (kasuen % 23) eta Lizarrakoan (% 5). Gainerako positiboak (% 19) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.

Adin-tarteei dagokienez, 15-29 urteko taldea da nagusi (% 25), eta, ondoren, 45-59 urteko taldea (% 20). Jarraian, 30-44 urteko taldea (% 18) eta 15 urtetik beherakoena (% 14) daude. Azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 12) eta 60 eta 75 urte artekoak (% 11).

Generoari dagokionez, % 47 gizonak dira eta % 53 emakumeak.

Ikuspegi epidemiologikotik, atzo 17 ospitaleratze berri izan ziren Nafarroan COVID-19aren ondorioz, eta bakar bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, atzoko kasuak batuz gero, 19.736 pertsona kutsatu dira, eta, guztira, 590 hil dira.

261 pertsona hil dira Espainiako Estatuan

Estatu mailan, Osasun Ministerioak 4.030 kasu atzeman ditu azken 24 orduetan. Hildakoei dagokienez, Salvador Illak zuzentzen duen departamentuak 261 zenbatu ditu. Koronabirusagatik okupatutako erietxe oheen tasa % 9,08koa da, eta Zainketa Intentsiboetako Unitateena % 17,68an. Madrilen atzeman dituzte positibo gehien (1.690).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea