Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEko positibo tasa % 10etik gertu dago

Azarotik erregistratutako tasa altuena da. Azken egunean 524 kasu positibo berri izan dira, eta 93 pertsona daude autonomia erkidegoetako ZIUetan.

Osasun langile bat, zaintza intentsiboetako unitate batean. Argazkia: EFE
Osasun langile bat, zaintza intentsiboetako unitate batean.
Osasun langile bat, zaintza intentsiboetako unitate batean. Argazkia: EFE

M.D. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 524 covid-19 kasu positibo berri izan dira azken 24 orduetan. Aurreko larunbatean jakinarazitako datua (592) baino apur bat txikiagoa da.

Positibo tasa, hala ere, azarotik erregistratu den altuena da. 5411 proba diagnostiko egin dira, PCR eta antigenoak kontuan izanda. Beraz, tasa % 9,7an kokatu da azken egunean.

Lurraldea, positibo gehienak, 213, Bizkaian daude. Gipuzkoa kopuru horretatik gertu dago, 197 positiborekin. Araban 105 kasu berri izan dira.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, azken egunean 48 pertsona gehiago ospitaleratu dituzte covid-19arekin, eta zaintza intentsiboetako unitateetan 93 gaixo daude ingresatuta covid-19arekin.

Osakidetzak asteartean emango du metatutako intzidentziaren berri. Egun horretan jakinaraziko du biharamunean perimetroa itxita eta martxoaren 26an hartutako beste neurri murriztaileak indarrean izango dituzten udalerrien zerrenda

Txertaketa masiboa, martxan

Gaurtik aurrera txertaketa bizkortu egingo da Euskadin, horretarako prestatutako lau gune berrirekin Durangon eta Barakaldon (Bizkaia), Gasteizen eta Irunen (Gipuzkoa). Horietan AstraZeneca dosiak jarriko zaizkie 61 eta 65 urte bitarteko pertsonei.

Arabak bere hiriburuko Lakua pilotalekuan garatuko du txertaketa prozesua, eta gaurtik astelehenera 6.200 txerto inguru ematea aurreikusi du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.

Bizkaian, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokaren instalazioak irekiko dituzte larunbatetik aurrera, egunean 5.000 dosi banatzeko gaitasunarekin.

201 kasu Nafarroan

Nafarroako Foru Erkidegoan 201 covid-19 kasu positibo berri izan dira azken 24 orduetan. Aurreko egunean izandako datuarekin (154) eta aurreko larunbatean jakinarazitako datuarekin (155) alderatuta, ia 50 kasuren igoera izan da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak