Gizartea -
Erasoa
19 urteko beste gazte bat atxilotu dute, Zornotzako jipoiarekin lotuta
Bilbon egindako atxiloketa hori zenbatuta, dagoeneko 13 lagun eraman dituzte atxilo, erasoarekin zerikusia izan zutelakoan. Asteartean Bilbon atxilotutako 18 urteko gaztea kartzelan sartu dute, eta egun horretan bertan Barakaldon atxilotutako 16 urteko nerabea Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu da.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu du asteazken honetan Bilbon, Zornotzako jipoiarekin lotuta dagoelakoan; hortaz, guztira, 13 lagun eraman dituzte atxilo, eraso horrekin zerikusia dutelakoan. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak, Zornotzako Udaltzaingoarekin elkarlanean, jipoian parte hartu zuten pertsona guztiak identifikatzeko lanetan jarraitzen du.
Ordu batzuk lehenago, Durangoko Epaitegiak jipoiarekin lotuta asteartean Bilbon atxilotutako 18 urteko gaztea espetxeratzea agindu du. Bitartean, Barakaldon asteartean ere atxilo hartutako 16 urteko nerabea Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu da, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
Biak ala biak atzo atxilotu zituzten 23 urteko lemoar bati egindako eraso basatian parte hartu zutelakoan. Gaztea oso larri dago Gurutzetako Ospitalean. Guztira, 13 pertsona atxilotu dituzte orain arte, sei adingabe tartean. Ikerketaren arabera, urteotan Bizkaian tankerako erasoak egiten ibili omen den Koala Anaiak talde oldarkorreko ustezko kideak dira.
Ertzaintzak uztailaren 25ean Bizkaiko udalerrian gertatutakoa ikertzen jarraitzen du. Atxilotutakoen erdiak adingabeak dira, eta Fiskaltzaren esku daude jada. Gainerakoan, asteazkenera arte, adinez nagusi diren lau gazte kartzelan daude, eta bosgarrena aske dago, baina astero etxetik gertuen daukan epaitegira joan behar du sinatzera; hortaz, 18 urteko gaztea kontuan izanik, bost lagun espetxeratu dituzte dagoeneko.