Gizartea -

KORONABIRUSA

Kasu berriak eta ospitaleetako presioa murriztu egin dira Euskadin, baina positibotasun-tasak gora egin du

Guztira, 5.146 proba diagnostiko egin dituzte azken orduetan, eta horietatik 493 positiboak izan dira. Horrela, positibotasun-tasa % 9,6ra igo da, ia puntu bat gehiago osteguneko datuarekin alderatuta (% 8,7).

Jende ugari Bilbon, Abandoibarra pasealekuan. Artxboko argazkia: EFE
Jende ugari Bilbon, Abandoibarra pasealekuan. Artxboko argazkia: EFE
Jende ugari Bilbon, Abandoibarra pasealekuan. Artxboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 493 koronabirus kasu berri baieztatu ditu ostiral honetan, aurreko egunean baino 22 gutxiago, baina positibotasun-tasa % 9,6ra igo da. Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ospitaleek 35 ospitaleratze berri izan dituzte, eta zainketa intentsiboetako unitateek 69 gaixo dituzte une honetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako oharraren arabera, azken orduetan gaitza atzemateko 5.146 proba diagnostiko egin dira. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 65 kasu berri baieztatu dituzte Araban, 260 Bizkaian eta 148 Gipuzkoan. Halaber, beste 20 positibo atzeman dituzte, EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Azken orduetan zenatu dituzten 493 kasu berri horiek, egindako proba diagnostiko guztien % 9,6 dira, alegia, osteguneko positibotasun-tasarekin alderatuta ia puntu bat gehiago (% 8,7koa izan zen aurreko egunean). Gauzak horrela, positiboen kopuruak behera egin badu ere (aurreko egunean baino 22 kasu gutxiago), gaitza atzemateko test gutxiago egin dira.

Gipuzkoak 26 positibo gutxiago zenbatu ditu ostiral honetan, Bizkaiak sei gutxiago eta Arabak bat gutxiago. Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean, berriz, ostegunean baino hamaika positibo gehiago izan dira.

EAEko ospitaleetan 35 pertsona ospitaleratu zituzten ostiral honetan, ostegunean baino zazpi gutxiago. Zainketa intentsiboetako unitateek, berriz, bosgarren jaitsiera eguna dute, eta 69 gaixo dituzte une honetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago.

Bi hildako eta 113 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan

Bestalde, Nafarroan 113 covid-19 positibo berri zenbatu dituzte ostiral honetan, bezperan baino 26 gehiago, Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuaren behin behineko datuen arabera. Gainera, bi pertsona hil dira covid-19ak jota azken 24 orduetan. Zifra honek azken hiru egunetako beheranzko joera apurtu du; izan ere, 100 kasutik behera zenbatu zituzten Nafarroan asteartetik ostegunera.

Azken orduetan kutsatutako pertsonen zifrak gora egin duen arren, duela astebete baino 42 kasu gutxiago eta duela bi aste baino 100 gaixo berri gutxiago daude gaur Foru Erkidegoan. Hortaz, intzidentziari dagokionez bederen, kutsatzeen erritmoa moteltzen ari da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo berriak Donostia bideoak Iruñea Euskal hiriburuak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak