Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

2021ean bost emakume hil dituzte Euskal Herrian euren bikotekide edo bikotekide ohiek

Hilketa matxistak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan gertatu dira.

Aurtengo hilketa matxistetako bat Gasteizko Sansomendi auzoan gertatu da. Argazkia: EFE
Aurtengo hilketa matxistetako bat Gasteizko Sansomendi auzoan gertatu da
Aurtengo hilketa matxistetako bat Gasteizko Sansomendi auzoan gertatu da. Argazkia: EFE

Onintza Aiestaran |EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurten bost emakume hil dituzte Euskal Herrian euren bikotekide, bikotekide ohiek edota beste pertsona batzuek emakume izate hutsagatik. Hilketa matxistak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan gertatu dira. 

Urtarrilaren 2an, 32 urteko emakume donostiar bat hil zuten Aizarnazabalen (Gipuzkoa). Hilketa horrekin lotuta, 24 urteko gizon bat eta 23 urteko emakume bat atxilotu zituzten eta, gerora, espetxera bidali zituen epaileak. Hilketa Aizarnazabalgo nekazal turismoko etxean gauzatu zuten, eta bikoteak urtarrilaren 2ko goizaldean utzi zuen gorpua herriko sastraka batzuen artean. Ikerketako iturrien arabera, biktima prostituitzera behartzen zuen bikoteak. Gainera, bere borondatearen kontra atxikita izan zuten.

Otsailaren 12an, 57 urteko gizon batek 56 urteko emaztea hil zuen Sestaon eta gero bere buruaz beste egin zuen.

Apirilaren 14an, 77 urteko gizon batek 75 urteko emaztea hil zuen Biarritzen, bikotea bizi zen Aguilera auzoko etxebizitzan.

Uztailaren 7an, gizon batek 43 urteko bere koinata izandakoa hil zuen Nafarroako Murchante herrian. Hasiera batean ihes egin bazuen ere, ordu batzuetara atxilotu zuten Donostian. Epailearen aurretik igaro ostean, Martuteneko kartzelan sartu zuten.

Urriaren 12an, 42 urteko gizon batek 37 urteko emaztea hil zuen Gasteizko etxebizitza batean eta, gero, bere buruaz beste egin zuen.

Espainian, 43 emakume hil dituzte aurten euren bikotekide edota bikotekide ohiek. Halaber, zazpi adin txikiko ere hil dituzte. Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza 2003an hilketa matxistak zenbatzen hasi zenetik, 1.125 hilketa matxista zenbatu dira. Aurten, zenbatutako 43 horiez gain beste hiru kasu ikertzen ari dira.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Iparraldea argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Genero indarkeriaren biktimak Gaurko titularrak Albisteak Mundu matxista Zuberoa Lapurdiko berriak Nafarroa Beherea