Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Manifestazioa deitu dute ostiralerako Barakaldon, azken egunetan izandako "eraso matxisten aurka"
Bederatzi egunetan, hots, urtea hasi zenetik, emakumeen aurkako hiru eraso izan dira Bizkaiko udalerri horretan, Argitan talde feministak salatu duenez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Argitan talde feministak manifestazioa deitu datorren urtarrilaren 14rako Barakaldon, "azken egunetan emakumeen kontra izan den eraso bolada" salatzeko eta erantzun kolektibo eta solidario bat aldarrikatzeko.
Indarkeria matxistaren aurkako protestak muturrera eraman nahi ditu Argitanek. Bada, 19:30ean manifestazioan aterako dira Herriko Plazatik azkenaldian herrian izan dituzten eraso matxisten aurka protesta egiteko. Bederatzi egunetan, hots, urtea hasi zenetik, emakumeen aurkako hiru eraso izan dira bertan.
Argitanek gogora ekarri duenez, azken erasoa iragan asteburuan gertatu zen. Udaltzaingoak 20 urteko gizon bat atxilotu zuen orduan, dendari bati sexu abusuak egiteagatik.
Gainera, urtarrilaren 6an beste gizon bat atxilotu zuen bikotekide ohiari eraso egiteagatik, eta hilaren 2an 30 urteko gizon bat hartu zuten atxilo arrazoi bera egotzita.
"Zoritxarrez, ez da Barakaldon soilik gertatzen den zerbait. Bizi dugun indarkeria estrukturala da, eta emakumeok bizi ditugun bereizkerien ondorio zuzena da. Horren aurrean, taldean eta irmoki erantzun behar dugu", defendatu du Argitanek. Horrekin batera, gogora ekarri du Portugaleten gizon batek ustez emakume bat bortxatu zuela urtarrilaren 7an.
Elkarte horrek azpimarratu du ez dela "indarkeria matxistaren pandemia hau" ahaztu behar. "Gure aukera bakarra ahal den modurik sendoenean erantzutea da. Kaleak gureak dira eta horietan aldarrikatuko dugu zein den gure lekua eta aske bizitzeko eskubidea dugula".
Horregatik, "Indarkeria matxistaren aurrean, erantzun kolektiboa eta solidarioa. Autodefentsa feminista" leloari eutsita egingo dute manifestazioa ostiral honetan, "berriro ere, argi eta garbi oihukatzeko Barakaldon ez dela eraso bakar bat geratuko erantzunik gabe".