Gizartea -

Inauteriak

Bueltan dira Euskal Herria kolorez eta irudimenez jantziko duten inauteriak

Koloreak, irudimenak, mozorroek eta urtebeteko etenaldiak utzitako desirak zipriztinduko dituzte aurten aratusteak. 

Tolosako inauteriak 2019
Tolosako inauteriak 2019
Tolosako inauteriak 2019

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosan dira sonatuenak, baina EAEko hiriburuetako inauteriak ere ez dira atzean geratzen. Koloreak, irudimenak, mozorroek eta urtebeteko etenaldiak utzitako desirak zipriztinduko dituzte aurten aratusteak. 

Sekula baino lasterrago antolatu dituzte Tolosako festak, baina presa ez da oztopo izan jai-giroan murgildu nahi dutenentzat, eta Olatz Peon alkatea ere jabetu da horretaz, harro baitago hamar egunetan inauteriak prestatzeko gai izan direlako. 

Zure interesekoa izan daiteke: Tolosako alkate Olatz Peoni elkarrizketa

Urtebeteko etenaldiaren ondotik, beraz, bueltan dira Tolosako inauteriak. Ohiko egitaraua ia-ia osorik mantetzea lortu dute. Hala, eta urtero moduan, Ostegun Gizen egunean, hilaren 24an, txupinarekin emango zaie hasiera jaiei, Kabi Alai elkartearen laguntzarekin, eta ondoren, txarangak irtengo dira Tolosako karriketara. eitb.eus-ek zuzenean emango du hasiera ekitaldia.

Ostiral Mehean, danborrada eta Arpegiren inauterietako emanaldiaz gozatzeko beta egongo da, beste urte batez, Leidor aretoan. Larunbatean, Zaldunita bezperan, ez da haur danborradarik izango, baina bai helduena, murriztuta. Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunetan, diana, txarangak, txistulariak, kalejirak, alborada, sokamuturra, karrozak... izango dira Tolosan.

Aurten, guztira, 12 karroza irtengo dira igandean, 2 astelehenean eta 11 asteartean, eta 11:00etatik 23:00etara jarri ahalko dute musika. Osasun-neurriak bermatu eta jende pilaketak ekiditeko, karrozak San Frantzisko kalean egongo dira soilik, udaletxeraino, eta haien arteko distantzia handiagoa izango da.

Donostian ere, festa nagusi

Otsailaren 24tik 28ra egitarau zabala prestatu dute Gipuzkoako hiriburuan ere. Bada, ospakizunak "ia normaltasun osoz" egingo dituzte, nahiz eta aldaketa batzuk izango diren. Konpartsen ohiko desfilea, adibidez, bi zatitan banatuko dute, bai larunbatean eta baita igandean ere. Batean zein bestean, bi desfileak aldi berean egingo dituzte.

Orotara, 950 lagunek hartuko dute parte, 12 taldetan banatuta. Esan bezala, batek hiriguneko kaleak zeharkatuko ditu, eta bestea Gros auzoan barneratuko da. Desfile nagusiez gain, kalejira txikiagoak eta auzoz auzo antolatutako jarduerak ere izango dira.

Bestalde, ostiral gauean, konpartsen aurkezpen ekitaldia hartuko du Ilunbek. Kaleak poztasunez beteta, itxaropen mezua zabaldu nahi dute herritarren artean.

Bilbotarrak gogotsu daudeIbon Koteron musikaria eta Gemma Martinez aktorea hautatu ditu Bilboko Jai Batzorde Mistoak aurtengo "Farolin" eta "Zaranbolas", Bizkaiko hiriburuko inauterietako pertsonaia nagusi, alegia. Umorezko "epaia" egingo diete biei otsailaren 25ean, Bilboko inauterietako ekitaldi nagusietako batean.

Horrez gain, kalejirak, musika emanaldiak eta ikuskizunak izango dira nonahi. Esan gabe doa kartel lehiaketak eta sardinen erretzeak ez dutela hutsik egingo.

Abian da festa Gasteizen

Asteartetik koloreztatu dute hiriburua arabarrek, eta oraindik bost egunez gozatuko dute festaz. 

Mozorroei lekurik kendu gabe, batukadak nahiz bestelako musika saioek girotuko dute Gasteiz datozen egunetan. Plater nagusia larunbatean dastatuko dute, 18:00etan. Orduan, 23 konpartsa ibiliko dira Gasteizko kaleetan bueltaka. Aurten ibilbidea aldatu dute. 

Bigarren desfilea iganderako utzi dute, eta sardina erreta amaituko dituzte jaiak martxoaren 1ean. Bitartean, inauteriekin lotutako erakusketak egongo dira ikusgai. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia argazkiak Bizkaia Gipuzkoa Araba Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Inauteriak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Jaiak