Mundua -

Esmirnan eta Mersinen

Turkiako Poliziak protesten beste bi kanpaleku hustu ditu

Istanbuleko Udalak lau polizia zerbitzutik kanpo utzi ditu, Gezi parkeko kanpalekuan hainbat dendari su emateagatik.

Hainbat polizia manifestariei begira, protesta baketsu batean. Argazkia: EFE.
Hainbat polizia manifestariei begira, protesta baketsu batean. Argazkia: EFE.
Hainbat polizia manifestariei begira, protesta baketsu batean. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako Poliziak Gobernuaren kontra protestan ari direnen kanpalekuak hustu ditu goizaldean, Esmirnan eta Mersinen, eta hainbat pertsona atxilotu ditu. Ankaran, berriz, istiluen kontrako poliziak manifestarien kontra oldartu dira, Turkiako hedabideek jakinarazi dutenez.

Gaur goizaldean, Poliziak Gündogdu plaza hustu du, Esmirnan. Manifestariak duela hiru aste okupatu zuten, Istanbuleko Gezi parkea babesteko protestekin elkartasuna adierazteko. Manifestariek dendak kentzeari uko egin diote, eta Poliziak indarrez kanporatu ditu. Guztira, hogeita hamar bat pertsona atxilotu dituzte.

Horren ostean, auzokide ugari plazara bertaratu da manifestazio isil bat egitera, joan den astelehenean Istanbulen hasi zen protesta moldeari jarraiki.

Mersin hirian ere, 30 dendako kanpalekua hustu du Poliziak, Baris plazan.

Ankaran, berriz, pertsona ugarik ibilgailuen zirkulazioa eten dute erdiguneko kaleetan, eta poliziak manifestarien kontra oldartu dira, gas negar-eragileak eta ur kanoiak erabiliz. Liskarrak goizeko ordu txikietara arte luzatu dira, eta hainbat manifestari atxilotu dituzte.

Lau polizia zerbitzutik kanpo utzi dituzte

Istanbuleko Udalak lau polizia eta teknikari bat zerbitzutik kendu ditu, Gezi parkeko kanpalekuan hainbat kanpadendari su emateagatik, NTV telebista kateak jakinarazi duenez.

Agintariek zuzendutako ikerketen arabera, agenteek gehiegizko indarra erabili zuten maiatzaren 29ko liskarretan kanpadenda horiei su emanda.

Istanbulen atxilotutako 94 manifestarietatik 92 aske utzi dituzte

Istanbuleko epaitegi batek Gobernuaren kontrako protestetan parte hartzeagatik atxilotutako 94 manifestarietatik 92 aske uzteko agindu du.

Gainerako biek atxilotuta jarraitzen dute, eta, jakinarazi dutenez, Besiktas futbol taldeko jarraitzaileak osatzen duten Arsi taldeko kideak dira. Espero dutenez, horiek ere aske utziko dituzte, galdetegiak bukatutakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Albisteak Gaur Albisteak Turkia Protestak gaur Ekialde Hurbila gaur