Mundua -
Israel-Palestina
Gazako hilketak ikertzeko nazioarteko misioa eratzea onartu du NBEk
Vojislav Suc Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluko presidenteak aukeratuko ditu batzorde horretako kideak, eta hilketen arduradunak identifikatu beharko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Palestinarrek Gazan egindako protestetan ustez gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak ikertzeko nazioarteko misio independientea onartu du gaur Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak.
Vojislav Suc Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluko presidenteak aukeratuko ditu batzorde horretako kideak, eta hilketen arduradunak identifikatu beharko dituzte. Horrez gain, justizia egiteko modurik eraginkorrenak gomendatu beharko dituzte.
Batzordearekin elkarlanean aritzea eskatu diote Israeli ebazpen horretan, lan taldeari herrialdera eta lurralde palestinarretara sartzen uzteaz gain.
Era berean, eragina duten alde guztiei protestak bakean egin daitezen bermatzea eskatu du NBEk, baita herritarren bizia arriskuan jar dezaketen ekintzak saihestea ere.
Gazako indarkeria egoera aztertzeko egindako saio berezian, lurralde palestinarren okupazioa bertan behera uztea eskatu dio NBEk Israelgo Gobernuari.
Aviva Raz Scechter Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak ukatu egin ditu Israeli egotzitako ardurak. “Israelek bere burua defendatzen du, beste edozein estatuk egingo lukeen moduan”, ondorioztatu du.
Gazan gertatutakoaren ardura Hamas mugimendu islamista palestinarrari dagokiola argudiatu du.
AEBk, bere aldetik, Israel defendatu du irmo, eta Hamasi leporatu dio azken astean gertatutako sarraskiaren ardura.