Politika -
Hezkuntza erreforma
Aristegi: 'Gizartearen gaitzespena bertso batean bildu nahi izan dut'
"Bertsoarekin gure mezua eman nahi genuen", azaldu du Amaiurreko diputatuak. "Orain arte mila eratan saiatu gara, baina ez digute jaramonik egin", erantsi du.
Eriz Lotina | eitb.com
Diputatuen Kongresuan abesten saiatu den bertsoaren helburua azaldu du Maite Aristegi Amaiurreko diputatuak. "Euskal gizartearen gaitzespena bertso txiki batean bildu nahi izan dut", esan du diputatuak.
Diputatuen Kongresuak behin betiko onartu du gaur Jose Ignacio Wert ministroaren hezkuntza erreforma polemikoa (LOMCE), PP ez beste alderdi politiko guztiak eta hezkuntzaren sektorea aurka badaude ere. Legeak PPren babesa besterik ez du izan. Bertsoarekin Aristegi Kongresuaren saioko benetako protagonista bihurtu da.
Aristegi Radio Euskadiko 'Ganbara' irratsaioan elkarrizketatu dute. "Bertsoarekin gure mezua eman nahi genuen", azaldu du Amaiurreko diputatuak. "Orain arte mila eratan saiatu gara, baina ez digute jaramonik egin", erantsi du.
Ordezkari abertzalearen hitzetan, oposizioko diputatuei "asko gustatu zaie". "Jendeak zerbait ezberdina atsegin du, argudioak asko errepikatzen direlako", adierazi du.
"Legea hilik jaio da, ez delako aplikatuko; mundu guztiak ikusten du, ez du aplikatzeko aukerarik", esan du.
Elkarrizketa bertsoa abestuz amaitu du Aristegik, baina oraingoan inolako etenik gabe. "Lomce gure eskoletan sartzea ez dugu onartuko", gaineratu du.