Politika -

Herri-galdeketak

250.000 herritar daude deituta GEDren igandeko galdeketetan parte hartzera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 51 udalerritan eta auzo batean erabakitzeko eskubidearen gaineko herri-galdeketak egingo dituzte igande honetan.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko hitzordua 51 udalerritan. Argazkia: Gure Esku Dago
Erabakitzeko eskubidearen aldeko hitzordua 51 udalerritan. Argazkia: Gure Esku Dago
Erabakitzeko eskubidearen aldeko hitzordua 51 udalerritan. Argazkia: Gure Esku Dago

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko herri plataformak herri-galdeketak deitu ditu igande honetarako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 51 udalerritan eta auzo batean (Zubieta). Horrenbestez, plataforma horrek sustatu dituen "orain arteko galdeketen olaturik handiena" izango da igande honetakoa.

Honako eskualde eta udalerritan izango dute hautetsontziekin hitzordua: Debabarrena (Deba, Eibar, Elgoibar, Itziar, Mutriku, Soraluze), Durangaldea (Abadiño, Durango, Elorrio, Zaldibar, Zornotza), Lea-Artibai (Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar), Uribe Butroe (Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Jatabe, Laukiz, Meñaka, Mungia), Uribe Kosta (Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz) Urola Kosta (Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia), Lasarte-Oria, Legutio, Orozko, Urkabustaiz, Usurbil, Zeanuri eta Zubieta.

Galdetutakoari dagokionez, herritarrek itaun desberdinei erantzun beharko diete, zein galdeketatan parte hartu duten arabera. Galderek ñabardura txikiak izan dituzten euren artean, baina funtsean herritarrei galdetzen zitzaien ea euskal estatu burujabe, libre edota independente bateko herritarrak izan nahi zuten.

Honako hauek izango dira galderak:

ARABA

Legutio: «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? »Urkabustaiz: «Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi al duzu?»

BIZKAIA

Durangaldea

Durango: «Bere etorkizuna modu librean erabakiko duen euskal estatu bateko herritarra izan nahi duzu?»Elorrio: «Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?»Zornotza: «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»Abadiño: «1) Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritarra izan? 2) BAI aukeratu baduzu: Nahi al zenuke euskal estatu hori independentea izatea?»Zaldibar: «Nahi duzu Euskal Herria independentea izatea?»

Lea-Artibai: «Nahi dozu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»Orozko: «Izan gure dozu Euskal Herri independente bateko herritarra?»Uribe Butroe: «Gura dozu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?»Uribe Kosta: «Euskal herri burujabe bateko herritarra izan gura dozu?»Zeanuri: «Euskal Herri independente bateko herritarra izan gore dozu?»

GIPUZKOA

Debabarrena

Eibar: «Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?»Elgoibar: «1) Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2) Nahi al duzu euskal estatu independentea?»Mutriku: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?»Deba: «1) Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2) Nahi al duzu euskal estatu independentea?»Soraluze: «Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?»Itziar: «Euskal Herri independente bat nahi duzu?»

Lasarte-Oria: «1) Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi duzu interes publikoko gaietarako? 2) Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra?»Urola Kosta: «Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?»Usurbil: «Nahi al duzu Euskal Herria Estatu independentea izatea?»Zubieta: «Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi al duzu?»

"Herri-borondatea"

Gure Esku Dagoren aburuz, maiatzaren 7ko galdeketek "garbi erakusten dute herri galdeketak edonon direla posible"; izan ere, igandean, euren artean "oso bestelako tamaina eta errealitatea duten lekuetan" egingo dira, eta, plataformaren iritziz, horren guztiaren oinarrian "tokian tokiko herri-borondatea" dago.

Horrenbestez, 16 urte baino gehiago dituzten 247.258 herritarrek eman ahal izango dute beren iritzia planteatuko dizkieten galderen aurrean.

9:00etan irekiko dituzte hautetsontziak udalerri guztietan, eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Igandeko ekitaldi nagusia 12:30ean izango da, Durangon. Bertan, omenaldia egingo zaie gaur arte galdeketak egin dituzten herrietako ordezkariei. Amaieran, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas Gure Esku Dagoren bozeramaileek hitza hartuko dute eta lehen parte-hartze datuak emango dituzte. Ekitaldian izango da Jordi Sanchez Kataluniako ANCko presidentea ere, besteak beste.

Behin hautetsontziak itxita, Eibarrera lekualdatuko da interesgunea, 20:30etik aurrera parte-hartze datu orokorraren inguruko balorazioa eskainiko baitute bozeramaileek.

Egunean zehar Gure Esku Dagok emaitzak zentralizatuko ditu. Webgune ofizialean argitaratuko eta eguneratuko dira parte-hartze datuak egunean zehar: 12:30ean, 17:00etan eta 20:30ean. Behin betiko emaitzak, aldiz, 22:00ak aldera jakinaraziko dituzte, aurreikusi dutenez.

Orain arte egindako galdeketetan izandako emaitzak

Orain arte, "91 herritan eraman dute praktikara erabakitzeko eskubidea" eta 300.000 izan dira botoa ematera deituak.

Herriak: 91 301.245 83.350 (% 27,66) Bai: 79.502 (% 95,38) Ez: 2.554 ( %3,06) Zuri: 867 (% 1,04) Baliogabeak: 433 (% 0,51)

Aurten bertan beste bi galdeketa-olatu egin dira: bata martxoaren 19an (35 udalerri); bestea, apirilaren 2an (18 udalerri).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bakio Politika Sopela albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eibar Amorebieta-Etxano argazkiak Elgoibar argazkiak Mungia EAE Gure Esku argazkiak Zarautz argazkiak Orio berriak Lekeitio bideoak Durango Ondarroa albisteak Plentzia albisteak Lasarte-Oria argazkiak Azkoitia albisteak Zumaia bideoak Usurbil Deba bideoak Gaurko azken orduko albistea