Politika -
Kongresua
Sanchezek Khashoggiren hilketa gaitzetsi eta armen salmenta justifikatu egin du
Espainiako presidenteak "nazioaren interesak defendatzeko" beharra azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Jamal Khashoggi kazetariaren hilketa "ikaragarria" salatu du "erabat"; hala ere, Saudi Arabiari armen salmenta arrazoitzeko "Espainiako sektore estrategikoen defentsa" erabili du argudio gisa.
Sanchezek Kongresuan egin du agerraldia, asteazken honetan, gai horri buruz hitz egiteko. Ildo horretan, Khashoggiren hilketa ikertu behar dela esan du eta justizia jardun behar dela gaineratu du, erantzuleen gain legearen indarra erori behar baita.
Hala ere, horrek Espainiako Gobernuak "erantzukizunez" egiten duen interes nazionalen defentsa "ezin duela oztopatu" gaineratu du.
"Espainiako interes estrategikoen defentsan egon behar naiz gaur eta hemen, langabeziaren dramak sakonki astindu duen guneetan baitaude interes horiek", esan du.
Sanchezen esanetan, Espainiako legediak armen esportazioa babesten du "beste herri batzuetan eskatzen diren baldintza berdintsuekin edo handiagoekin"; ildo horretan, giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren defentsarako Espainiako Gobernuaren konpromisoa bermatu du.
Navantia enpresak Saudi Arabiarekin sinatuta duen kontratuaren harira, Espainiaren "interesak uztartzeko" eta babesteko beharra azpimarratu du Sanchezek, bost korbeta egingo baitituzte Cadizeko badian, 1.800 milioi euroren truke eta 6.000 lanpostu sortuko baitituzte datozen bost urteetan.
"Egiaztatze eta gardentasun kontroletan Espainia aurrealdean" kokatuko duen proposamen "aitzindarian" lanean ari direla azaldu du Sanchezek.
Halaber, eztabaida alderdikoitik alde egiteko eskatu du, eta Espainiaren kanpo irudia indartzeko, nazioarteko politikan "akordio bateratuak" egiteko beharra azpimarratu du.