Politika -
Villarejoren audioak
Cospedalek bere eserlekua utziko du, 'PP edozein erasotik libratzeko'
Cospedalek agiri bat argitaratu du Twitter sare sozialean. “Bidegabekerien aurrean gehiago elkartzeko” eskatu die Cospedalek PPko alderdikideei.
Agentziak | Erredakzioa
Diputatuen Kongresuko eserlekua utziko duela iragarri du gaur Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohiak, “PP edozein erasotik libratzeko, nahiz eta bidegabea izan”.
Cospedalek agiri bat argitaratu du Twitter sare sozialean. “Bidegabekerien aurrean gehiago elkartzeko” eskatu die Cospedalek PPko alderdikideei komunikatuan. Jose Manuel Villarejo komisario ohiarekin elkarrizketatzeko, "ez baitzen erreza", Ignacio Lopez del Hierro senarrari laguntza eskatu zionean hanka sartu zuela onartu du Alderdi Popularreko politikariak.
Cospedalen ahotan, PPk azken Kongresua iragan uztailean egin zuenetik, politika utzi behar zuela erabakita zuen. “Egun batzuk barru” iragarri behar zuela ziurtatu du, “bere erantzukizunen trantsizio ordenatua” bukatu ondoren.
“Nahiz eta bidegabea izan, PP edozein erasotik libratzeko” eserlekua uzten duela argudiatu du Cospedalek, batez ere Andaluziako hauteskundeak bertan direnean. Alderdia herriak bizi duen egoera “salatzeko aske” sentitu behar dela nabarmendu du; izan ere, Gobernuko presidentea “Espainiaren etsaiei esker” heldu da Moncloara.
“Honelako giroan egin beharko nuela ez dut sekula pentsatu (…) Lotsaturik sentitzeko ez dut deus ere egin, baina gogoeta gehiago egin ondoren erabakia aurreratu dut”, erantsi duenez. Nahiz eta bizitzan “hanka-sartze ugari” egin dituela onartu, duela bederatzi urte Villarejorekin elkarrizketatzea “horietako bat ez” dela argi utzi nahi izan du Cospedalek.
Zentzu horretan, gertatzen ari zena jakitea bere “betebeharra” zela errepikatu du PPko idazkari nagusi ohiak, horretarako eskura zituen baliabide guztiak erabiliz, “legearen mugen barruan”. Cospedalen hitzetan, bere alderdiaren arazoak ezagutu behar zituen, bereziki PPko pertsonekin lotuta ustelkeria auziak argitara ematen hasi zirenean.
“Polizia-komisario batekin hitz egin izana bekatua baldin bada, orduan okertu nintzen”, onartu du. “PSOEko Barne ministroak” Villarejori “domina” eman ziola gogorarazi du Cospedalek.
PPren eta militante guztien ohorea beti defendatu izan duela ziurtatu du, eta “modu berean” berriz egingo lukeela gaineratu du.