Politika -
Auzitegi Gorena
Iruin: 'ETA ez da Sorturen bitartez erakundeetan egongo'
Fiskaltzak dio estatutuetan indarkeria errefusatu izana ez dela nahikoa, eta Estatuaren abokatuak Sortu "ETA-Batasunaren enegarren adierazpidea" dela salatu du.
Erredakzioa
Iñigo Iruin abokatuak Sorturen kontrako salaketen saioan adierazi duenez, "ez dakigu ETAren asmoak zeintzuk diren, baina ETA ez da Sorturen bitartez erakundeetan egongo", izan ere, ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuetan "suebakiak" daude indarkeria babesten dutenak alderditik bota ahal izateko.
Iruinek defentsa abokatu gisa aurkeztu ditu auzi-saioaren ondorioak eta esan du Sortu "indarkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko osagaia" dela eta ez dagoela atzera bueltarik indarkeria errefusatzeko erabakian, ezta ETAk su-etena hausten badu ere.
Abokatuaren esanetan, ezker abertzalearen baitan 2009ko urritik 2010eko otsaila bitartean izandako eztabaidaren ondorio da Sortu, eta ETAren tesien gainetik kokatu zen alderdiaren oinarri den Zutik Euskal Herria txostena, bide politikoen aldeko aldarria.
"Ez da edonolako eztabaida izan ezker abertzalearen baitan, estrategia politiko-militarraz eztabaidatu dute, 7.000 pertsonak parte hartu dute erabakia hartzeko", hau da, indarkeria errefusatzeko, Iruinek gaineratu duenez.
Hori dena dela eta, Sorturen defentsa abokatuak uste du alderdiaren legalizazioarekin ez dela "arriskuan jarriko sistema demokratikoa", zeren legalizazioa "kontrolatua eta behatua" izango da, Segurtasun Indarren eta Fiskaltzaren "zaintzapean".
Abokatuaren arabera, Auzitegi Gorenak lau baldintza ezarri zituen alderdi bat legez kanpoko beste baten jarraipena ote zen jakiteko, bada Iruinek uste du Sortuk hiru baldintza behintzat errespetatzen dituztela, ez baitago antzekotasunik egituran, finantziazio baliabideetan eta ez dute indarkeria babesten.
Hala ere, alderdia "osatzen, administratzen edo zuzentzen duten pertsonen artean antzekotasun nabarmenak" daudela aitortu du, baina Iruinek esan du baldintza hori ezin zutela bete, Sortu "ezker abertzalearen baitan jaio den" proiektua delako.
Batasunako kideak Sortun egoteak ez omen du esan nahi jarraipena dela, baizik eta legez kanpo utzi zuten alderdiko kideek proiektu berria, indarkeria errefusatzen duena, "bere egin eta babesten" dutela.
Fiskaltza
Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak bat egin dute Sorturi buruzko auziaren ondorioetan ezker abertzalearen alderdi berriaren aldaketa "itxurakeria" besterik ez dela salatu dutenean.
Fiskaltzak Sortu alderdi politikoen erregistroan ez sartzeko eskatu dio Gorenari, haren esanetan ez baitu "ETArekiko lotura eten" eta legea "itxuran" bakarrik betetzen duelako erakundeetara itzuli ahal izateko, izan ere: "Galtzek ez dute gizona egiten".
Antonio Narvaez fiskalak ondorioen aurkezpenean azaldu duenez, Sortuk "itxurakeriak" egiten ditu maiatzaren 22ko hauteskundeetan egon ahal izateko, baina estatutuetan indarkeria errefusatu izana ez omen da nahikoa.
"Batasunak ez du gainerako ezker abertzalearekiko harremana eten, ezta ETArekiko harremana ere", Narvaezen ustez.
Gainera, ETA su-etenean izateak egoera aldatu egiten duela aitortu arren, haren jarduera armatua ez dela gelditu azpimarratu du eta hori frogatzeko atzo ETAko ustezko kide bat atxilotu zutela gogorarazi du.
Estatuaren Abokatua
Estatuaren Abokatuak, Gobernuaren izenean, esan du Sorturekin ezker abertzaleak "aldatu egin dela" eta ETA baztertu duela irudikatu nahi duela, baina ez omen du halakorik egin, eta alderdi berria "ETA-Batasunaren enegarren adierazpidea" dela salatu du.
Manuel Rivero Estatuaren abokatuak Auzitegi Gorenean egin ditu adierazpenok, ondorioak aurkeztu dituenean. Riverok ukatu egin du Zutik Euskal Herria txostenak, alderdi berria sortzeko oinarri gisa erabili zutenak, ETA "kritikatzen" duela, indarkeriaren gaiaren aurrean "ez ikusiarena" egiten duelakoan.
Estatuaren abokatuak uste du ETA orain oso ahul dagoela eta ez dagoela bere iritziak inposatzeko moduan, baina "igaro ezin diren muga batzuk" ezartzen dituela eta "Sortuk ez ditu pasatzen", gaitzespenaren harira.
Riveroren arabera, "ez da sinesgarria" sektore armatuaren eta politikoaren arteko haustura, izan ere, ez da izan "poli-miliek" ETA utzi zutenean edo Euskadiko Ezkerra edo Aralar sortu zirenean bezalako "zatiketarik, ezta kontrako ahotsik ere". Haren esanetan, indarkeria babesten dutenak alderditik botatzeko mehatxuak "talka egiten du ezker abertzaleko kideen artean ez delako eztabaidarik izan".
"Sortu ETA-Batasunaren enegarren adierazpidea da, oinordekoa da eta fenomeno beraren aurrean gaude", adierazi du Estatuaren abokatuak.
"Ezker abertzaleak inoiz ez ditu gaitzetsiko ETA erakundearen ekintzak, eta Sortuk ez du egin", izan ere, Riverok uste du ezin duela halakorik egin "ikurrak zaindu" nahi dituelako, hau da, presoen kolektiboa ez haserretzeko, "indar dinamizatzaile handia du" eta.
"Aitortzen ditugu" Sortuk egin dituen "ñabardurak", Riverok adierazi duenez, indarkeriari egindako kritikak "ez ohikoak" izan dira, baina ez dute "gaitzesten, nahiz eta terminoa erabiltzen jakin, torturekin erabiltzen dutelako, baina ETAk uzten ez dienean, ez dute egiten".
Prozesua
Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak hitza hartu ondoren, defentsak bere ondorioak aurkeztuko ditu. Printzipioz, auzi-saioak eguerdia arte iraungo du.
Saio horren ondoren, Carlos Divar Auzitegi Goreneko presidentea eta 61. Aretoa osatzen duten 15 epaileak bildu egingo dira bihar arratsaldean eta datozen egunetan erabaki bat hartzeko. Akordioa asteazkenean edo ostegunean irits litekeela uste dute auzitegietako iturriek.
Carlos Lesmes epaile txostengileari ebazpena idazteko egun batzuetako epea ematea da asmoa, eta kontrako iritzia agertu nahi duten epaileei boto partikularra egiteko denbora ematea. Ebazpena datorren martxoaren 28an eman nahi dute, izan ere, orduan izango da maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen deialdi ofiziala, eta Sortuk horietan parte hartzeko asmoa du.
61. Aretoaren ebazpenaren kontra helegitea jartzeko aukera ere badago, kasu horretan Auzitegi Konstituzionalean.