Politika -

Karguen Banaketa

PSE-EEk botere handiagoa izango du Arabako Foru Aldundiaren koalizio Gobernuan

Sozialistek hiru arlo kudeatuko dituzte, iragan legealdian baino bat gehiago, eta EAJk beste sei departamentuak zuzenduko ditu, orain arteko berdinak.

Ramiro Gonzalez, Cristina Gonzalez eta Jose Antonio Suso. Argazkia: EFE/JON RODRIGUEZ BILBAO
Ramiro Gonzalez, Cristina Gonzalez eta Jose Antonio Suso.
Arabako Gobernu berrian EAJk 6 diputatu izango ditu eta PSEk 3

1:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk hiru arlo kudeatuko ditu Arabako Foru Aldundiaren koalizio Gobernuan, iragan legealdian baino bat gehiago, eta EAJk beste sei departamentuak zuzenduko ditu, orain arteko berdinak.

Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarreko presidentea eta Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEren buruzagiak gobernagarritasun akordioaren berri eman dute ostiral honetan. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi jeltzaleak lagundu ditu. Batzar Nagusiek Gonzalez berriro aukeratu zuten ostegunean.

Iragan legealdian EAJren eta PSEren koalizio gobernua gutxiengoan zegoen Arabako Batzar Nagusietan; datozen urteetan, ordea, bi alderdiek gehiengo absolutuarekin gobernatuko dute lurralde historikoa.

Arlo bat gehiago kudeatzeaz gain, PSE-EEk bere botere instituzionala areagotuko du; izan ere, Cristina Gonzalez Arabako sozialisten idazkari nagusia ahaldun nagusiorde izendatuko dute.

EAJk sei departamentu kudeatuko ditu, aurreko legealdian bezalaxe, Garapen Ekonomiko eta Lurralde Orekarako alorra bitan zatitu dutelako.

EAJk izendatuko dituen foru Gobernuko kideak hurrengoak izango dira:

Pilar Garcia de Salazarrek, ahaldun nagusiorde bezala errepikatzeaz gain, Garapen Ekonomiko, Berrikuntza eta Erronka Demografiko arloaren ardura hartuko du.

Itziar Gonzalo Gasteizko Udalaren Mugikortasun eta Esparru Publiko zinegotziak Ogasun, Finantza eta Aurrekontuak kudeatuko ditu foru Gobernuan.

Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landa eta Kostalde Garapenerako zuzendariak kargua utziko du, Arabako Lurralde Oreka Departamentua zuzentzeko.

Emilio Sola Gizarte Gaietarako arduraduna izango da. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria da egun.

Josean Galerak Ingurumen eta Hirigintzan errepikatuko du, baita Eduardo Aguinacok ere Nekazaritzan.

PSEren aldetik, Cristina Gonzalezek Enplegu, Merkataritza eta Turismoa berriro kudeatuko ditu, baita Foru Administrazioa ere.

Era berean, sozialistek Bide Azpiegiturak eta Mugikortasun Departamentua zuzenduko dute, Javier Hurtadorekin, eta Kultura eta Kirola, Ana del Valekin, baina euskara bultzatzeko eskumenak ahaldun nagusiak izango ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba PSE-EE Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak