Politika -

De Miguel auziaren epaia

EH Bilduk Stoa enpresaren kontratua 'berehala' etetea eskatu du

Epaiak frogatutzat eman du enpresa horrek De Miguel auzian parte hartu zuela eta kontratu publikoen truke legez kanpoko komisioak kobratu zituela. PPk ere eskaera bera egin du.

De Miguel auziko akusatu nagusiak. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
De Miguel auziko akusatu nagusiak
De Miguel auziko akusatu nagusiak. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu die Stoa enpresako kontratua "berehala" eteteko, enpresak De Miguel auzian parte hartu zuela frogatu ostean.

Era berean, Gorka Urtaran alkatearen eta Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiaren agerraldiak eskatuko dituela iragarri du; horrez gain, Itziar Epalza Parke Teknologikoen Zuzendari Nagusiak eta Francisco Marquez Miñaoko parkeko gerenteak ere agerraldiak egitea eskatuko du EH Bilduk.

Kike Fernandez de Pinedok eta Miren Larrionek gogorarazi dutenez, ez da lehen aldia EH Bilduk kontratua etetea eskatzen duela.

2018ko irailean, esaterako, Nerea Melgosa orduko Garapen Ekonomikoko zinegotziak Stoa Miñaon mantenduko zuela iragarri zuen, baina epaiketaren epaiak irregulartasunen bat egiaztatzen bazuen "kontratua deuseztatuko" zela bermatu zuen.

Urtaranek, era berean, auzitegiak kontratua legez kanpokoa zela frogatuz gero, hau bertan behera uzteak kosturik ez zuela izango iragarri zuen. Eta data horietan bertan, EAJk kontratazioaren "legezkotasuna" azpimarratu zuen; are gehiago, Luis Javier Tellería jeltzaleak nabarmendu zuen "Stoaren kontratua ez dagoela epaiketan" eta "epaileak ez duela inoiz eskatu hura aztertzeko".

Adierazpen horiek egin eta urte eta hiru hilabete igaro direnean, epaiak dio "Epaitegiari ez zaiola zalantzarik egiten, ordainketa horren truke kontratua esleitu zela", Stoari erreferentzia eginez eta EAJren bertsioari ateak itxiz.

"Epaia sakon aztertzen jarraitzen badugu ere, azken urteetan gure alderdiak salatutako irregulartasunen inguruan ez dago zalantzarik: Urtaranek eta Gonzalezek kontratua eten behar dute lehenbailehen", adierazi du Fernandez de Pinedok.

Zentzu horretan, batzarkide taldeko bozeramaileak eta udal taldeko bozeramaileak gogorarazi dute epaiak Arabako lurralde osoa ukitzen duela, kuadrilla guztiak aipatzen baititu Alfredo De Miguelek horien zuzendariekin egindako bilerak jasoz sententzian.

Horregatik, EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkie Gasteizko alkateari eta Ahaldun Nagusiari.

PPk ere eskatu du

Iñaki Oyarzabal PPren Arabako presidenteak ere Arabako Teknologia Parkeak Stoarekin duen kontratua bertan behera uzteko eskatu du.

PPk iragarri duenez, mozio bat sartu du Arabako Batzar Nagusietan Teknologi Parkeko Administrazio Kontseiluari eta Aldundiak hor dituen ordezkariei kontratua "bertan behera uzteko" edo "eteteko" eskatzeko, "kontratua azpikeriaz" egin zelako.

Oyarzabalek komunikatu batean azaldu duenez, premiazko neurriak hartu behar dira 'De Miguel auzia'ren ebazpenean "frogatutzat eman diren gertakarien larritasuna dela eta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia