Politika -

Eztabaidaren lehen eguna

Katalunian 155. artikulua berriro ezar dezan eskatu dio Casadok Sanchezi

Artikulu hori aplikatu ezean, Sanchezen aurkako neurriak hartuko dituela esan du, Torrak ez duela Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakia onartzeko asmorik gogora ekarriz.

Pablo Casado (PP), Pedro Sanchezen inbestidura eztabaidan. Argazkia: EFE
Pablo Casado (PP), Pedro Sanchezen inbestidura eztabaidan.
'Demokraziaren aurka egiten dutenekin' negoziatzea leporatu dio Casadok Sanchezi

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidenteak kargua uzten ez badu, Katalunian 155. artikulua berriro ezar dezan eskatu dio larunbat honetan Pablo Casado PPko buruak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari. Bestela, hautagai sozialistaren aurkako neurriak hartuko dituela ziurtatu du, prebarikazioagatik.

Sanchezen inbestidura eztabaidaren lehen egunean hautagai sozialistari emandako erantzunean, Casadok gogora ekarri du Torrak Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakia onartzeko asmorik ez izatea aurreratu duela eta, Estatuari men egin nahi ez dion jarrera horren aurrean, zer egingo duen galdetu dio Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari.

Hala, datozen orduetan Torrak ez badu presidente kargua uzten, ebazpen hori bete dadin Sanchezek errekerimendua egin beharko lukeela uste du Casadok, eta, hala egin ezean, Konstituzioaren 155. artikulua ezarri beharko luke berehala.

Bestela, prebarikazioa egin lezakeela ohartarazi dio Sanchezi, etekin elektorala lortzeko asmoz epai horren irakurketa bidegabea egiteagatik. Testuinguru horretan, PPk hautagai sozialistaren aurkako neurriak hartuko lituzkeela ohartarazi du Casadok, Torraren aurka erakutsi duten “irmotasun bera” baliatuz.

Sanchezek pentsiodunak engainatzen dituela esan du Casadok

Bestalde, Gizarte Segurantzaren sistema hautsi nahi izatea eta "gastuaren desbideratze masiboa" egitea leporatu dio Casadok hautagai sozialistari. Horrez gain, pentsiodunak engainatzen dituela aurpegiratu dio.

Ildo horretan, Unidas Podemosen eta PSOEren arteko koalizio gobernuaren programa gogor kritikatu du Casadok, "zergen igoera basatia" dela iritzita. Hala, neurri horiek hartzeko lotsarik ez dutela leporatu die.

Halaber, PPk onartutako lan-erreforma bertan behera utzi nahi dutela deitoratu du Casadok, eta neurri horrek "bi milioi lanpostu baino gehiago" sortu zituela azpimarratu du. Gainera, defizit publikoan 7.000 milioi euroko murrizketa egiteko Bruselak egindako eskaera nola beteko duen galdetu dio Sanchezi.

Bestalde, pentsioen igoera ez gauzatzea leporatu dio hautagai sozialistari, PPk onartutako % 0,25eko errebalorizazioa bertan behera utzi duelako, eta "pentsiodunei iruzur masiboa" egin diela ziurtatu du.

Kataluniako prozesuko arduradunak "amnistiatu" izana leporatu dio Sanchezi

Bere hitzaldian, EAJren eta PSOEren arteko itunaren aurka egiteaz gain, sozialistek ERCrekin lortutako akordioa deitoratu du Casadok. Ildo horretatik, "Kataluniako prozesuaren auzia berpiztu" duela aurpegiratu dio hautagai sozialistari, eta horren arduradunak "berehala amnistiatu" dituela ziurtatu du.

Testuinguru horretan, bere alderdia Pedro Sanchezek aurrera eraman nahi duen "eraispen konstituzionalaren aurka" agertuko dela esan du Casadok, bai erakundeetan bai kalean ere. Dena dela, hautagai sozialistak ez duela bere helburua lortuko ohartarazi du.

Gainera, "Europako eta Espainiako garairik onena eraikitzeko erabilitako oinarrien" amaiera iragarri du Casadok, eta Espainiako Gobernuak "ondorengo belaunaldia etorkizunik gabe" utziko duela ziurtatu du.

Bere iritziz, inbestidura ahalbidetu duten akordio guztiek, PSOEk eta ERCk lortu dutena bereziki, "lau hamarkadako askatasuna" bermatzea oinarri izan duten "itun guztiak suntsituko ditu", eta, gainera, koalizio gobernu berriarekin, Espainiak ez duela nazioartean garrantzirik izango gaineratu du.

Casadoren ustez, "muturreko talde parlamentario txarrenen babesa" bilatu du Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente izateko. Ildo horretan, hautagai sozialistari zuzendu zaio, ondorengoa ohartarazteko: "Ez izan zalantzarik, irabazi egingo dugu, eta zuek galdu egingo duzue".

PSOEren ustelkeria izan du hizpide Casadok

Bere alderdiari ustelkeria-leziorik ez emateko eskatu dio Casadok Sanchezi, izan ere, "PSOEren 100 urteko zintzotasunak 300 urteko kartzela-zigorra ekarri du Andaluziako sozialismoan". Hala, PPko presidenteak Andaluziako enplegu-erregulazioko espedienteen auziko epaia izan du hizpide bere hitzaldian.

Horren ostean, Sanchez Kongresuko tribunara igo da berriro, eta esaldi batekin erantzun dio Casadori: "Bat gatoz. Ustelkeriari buruzko lezioak PPri, bat ere ez".

Hitz horiek haserrea eragin dute alderdi horretako diputatuen artean, eta "Ere!, Ere!" oihukatu dute, PPko buruak "zero" keinua egin eta bere burua seinalatzen zuen bitartean.

'Sanchez iruzur handia da: bere doktore tesitik hasita, gaurko hitzaldiraino'
'Sanchez iruzur handia da: bere doktore tesitik hasita, gaurko hitzaldiraino'
'Sanchez iruzur handia da: bere doktore tesitik hasita, gaurko hitzaldiraino'

5:35

Torra "matxino eta sediziogilea" atxilotzea eskatu du ultraeskuinak

Bestalde, Santiago Abascal Vox ultraeskuineko alderdiaren presidenteak Quim Torra Generalitateko presidentearen atxiloketa eskatu du hitzaldiaren hasieran. Torrari "matxino eta sediziogile" izatea leporatu dio.

"Bandera jaitsi, osoko bilkura legez kanpo deitu eta kargugabetu behar ez dutela esan du, matxinada adierazpen argi batean. Atxilotu behar dute, baina Espainian ez dago legerik, Sanchez jaunaren inbestiduraren beharrizanak direla eta", adierazi du Abascalek hitza hartu duenean.

Pedro Sanchez presidentegaiaren aurka egin du ultraeskuineko buruzagiak. Hautagaitza "Konstituzioari segada" bat dela ohartarazi du. Abascalen ahotan, agintari sozialista "iruzurgile, gezurti eta kezkarik gabeko pertsonaia da". "Erakunde demokratikoak menperatuz, edozer gauza egiteko kapaz da Moncloan mantentzeko", erantsi duenez.

"Hitzontzi bat entzun dugu; aktore profesional batenaren balio bera dute bere hitzek", esan du Abascalen inbestidura saioan. Sanchezen esaldi batzuk gogorarazi ditu Voxeko buruzagiak, ERCren menpeko gobernurik onartuko ez zuela zioenean.

Hautagai sozialistaren inbestidura ez babesteko erabakia berretsi du. Inbestidura "klandestinoa" eta "Gabonetako traizioa" bezalako hitzak erabili ditu ultraeskuineko buruzagiak.

"Batzuei ez gaitu harritzen dagoeneko. Sanchez jauna iruzur bat da bere osotasunean, haren tesiak zein hitzaldia, boto-emaileei iruzurra", azpimarratu du. Sanchez populisten eta separatisten "izen-mailegatzailea" dela gaineratu du.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramailea Kongresuan. Argazkia: EFE

Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramailea Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE

"Zitalkeriari" aurre egingo dion "ausartik" ez dagoen galdetu die Arrimadasek PSOEko diputatuei

Gabriel Rufian ERCko bozeramailearen "umiliazioaren" aurrean Pedro Sanchez presidentegai sozialistaren eta PSOEko diputatuen isiltasuna salatu du Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramaileak. "Zitalkeria honetarako ez zioten espainiarrek botoa eman" azaroaren 10ean, erantsi duenez. Gainera, hautagai sozialistaren bide-orriari aurre egingo dion "kementsurik ez dagoen" galdetu die sozialistei.

"Gaur egun historikoa izango da Rufianen umiliazioagatik; bitartean, Sanchezek babesa eskertu dio Espainian zehar esandako ezer gezurtatu barik", adierazi du Arrimadasek bere hitzaldiaren hasieran.

Sanchez errefusatzeko eskatu die alderdi laranjako buruzagiak PSOEko diputatuei. "PSOE sinpleki esanda, PS geratu daiteke, alderdi sanchista. Boto bakarrera dago, ausart bakarra behar dugu ez gertatzeko", azpimarratu du. "Soldata eta kargu publiko batek ez du umiliazioa justifikatzen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco ERC