Politika -
Glass Costa Este Salou auzia
Victor Bravo EAJko senatari ohiari zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri diote
Hiru zerga delitu egotzita isuna ordaindu beharko du eta, Fernando Isidoro Gonzalez Enfedaque bigarren akusatuarekin batera, kalte-ordaina eman beharko dio Zerga Administrazioko Estatu Agentziari.
eitb.eus
Donostiako epaile batek Victor Bravo Gipuzkoako Ogasunaren zuzendari ohi eta EAJko senatari ohiari zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri dio hiru zerga delitu leporatuta, Glass Costa Este Salou auzian, EAEKo Auzitegi Nagusiak ostiral honetan jakitera eman duen epaiaren arabera.
Era berean, EAJko senatari ohiak 3.118.987 euroko isuna ordaindu beharko du eta, Fernando Isidoro Gonzalez Enfedaque (Air Madrid) bigarren akusatuarekin batera, 1.559.493,60 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Zerga Administrazioko Estatu Agentziari. Azken honi zigorra murriztu diote, epaiketan zehar milioi bat euro itzuli zituelako. Honenbestez, bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzelaldia ezarri dio epaileak.
Gipuzkoako Fiskaltzak sei urtetik bederatzi urtera igo zuen Bravoren aurkako zigor eskaera. Kontrako aldean, Ministerio Publikoaren ordezkariak lau urte eta erdira jaitsi zuen beste auzipetuaren aurkako zigor eskaera, Glass Costa Este Salou enpresaren administratzaile bakarra zenarena. Tarragonako enpresa horri zerga-egoitza Gipuzkoara eraman izana leporatu zioten, bertako arauak aprobetxatu eta zergetan 1,5 milioi euro aurrezteko.
Administratzaile horrek milioi bat euro utzi zituen epaitegiaren kontuan ahozko epaiketa hasi baino lehenago, eta fiskalak uste zuen egindako kaltea arintzeko pauso bat izan zela. Horregatik erabaki zuen zigor eskaera txikitzea.
Zerga Kudeaketarako eskualdeko ikuskaritza buruaren ustez, Bravok "funtsezko rola" izan zuen auzian. Batetik, Glass Costa Este Salouren admistratzaileari Donostiako bere etxean bizitzen utzi zion, sozietateak egoitza fiskala bertan eduki zezan eta zergak ere Gipuzkoan ordain zitzan. Ikuskatzaile horren arabera, administratzailea "Gipuzkoako edozein etxebizitzatan bizi zitekeen, baina kasualitatez, Bravoren etxera mugitu zen".
Bravo Gipuzkoako Ogasun zuzendaria zen Glass Costak lurralde horretan zergak ordaintzeari ekin zionean. Ikuskariak epaiketan azpimarratu zuenez, enpresa horri erregimena emateko orduan prozesu horretatik kanpo geratu behar zen Bravo, sozietate horren administratzailea "laguna" zuelako eta sozietatean bazkide zelako. Ez zuen halakorik egin, ordea.
Ikusariaren aburuz, Glass Costa sozietateko administratzaileak (enpresa Cambrillsen, Tarragonan, errotuta zegoen) ez zuen "nahikoa ezagutza" enpresaren egoitza fiskala lekualdatzeko, halako operazio bat "foru zein Espainiako zerga sistema zehatz mehatz ezagutzen duen" pertsona batek bakarrik egin dezakeela argudiatuta.
Bravok, ostera, ukatu egin zuen enpresaren erabakietan parte hartzen zuenik, izan ere, ez omen zuen "inolako ardura funtziorik" bertan, ez zen administrazio kontseiluko kide eta "%6,66ko parte-hartzea" besterik ez zuen.
Bravok bere burua defendatu zuen epaiketan, beste abokatu baten laguntzarekin, eta jakinarazi zuenean Glass Costa Este Salou sortu zenean, 2001ean, berak % 1,66ko parte-hartze zuzena zuela elkartean, eta "beste elkarte batzuen bidez beste % 5 gehiago"; hau da, "hasieratik bukaerara % 6,66ko parte-hartzea".