Itxi

2020/03/11

13:39

Politika

Apirilak 5

Osasun eta hezkuntza sistema sendotzeko 300 milioi ari da prestatzen Jaurlaritza

Agentziak | Erredakzioa

Urkullu lehendakariak iragarri du; halaber, aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritza legalki eta juridikoko ari da aztertzen apirilaren 5eko EAEko hauteskundeei eutsi ahal zaien.

1:01
Iñigo Urkullu
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritza 300 milioi euroko funtsa sortzea ari da aztertzen, osasun eta hezkuntza sistema sendotzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez. Funtsaren beste helburua da familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko neurriak bultzatzea, koronabirusaren epidemiaren aurrean. Halaber, Urkulluk aurreratu du Eusko Jaurlaritza legalki eta juridikoko ari dela aztertzen apirilaren 5eko EAEko hauteskundeei eutsi ahal zaien ala ez, erabaki hori Espainiako Hauteskunde Batzordeari badagokio ere.

'Terrorismoaren Biktimen Europar Eguna'ren harira Gasteizen egindako ekitaldi batean parte hartu ostean, lehendakariak onartu du Euskadi "une bereziki zaila" bizitzen ari dela koronabirusagatik; asteazkeneko datuak eguneratuta, 261 kasu atzeman dituzte, dagoeneko.

Urkulluk berretsi du osasun-krisia Gasteizen izaten ari dela "bereziki aipagarria", eta eskerrak eman dizkie herritarrei, ezarritako neurrietara egokitzeko egiten ari diren ahaleginagatik. Besteak beste, arabar hiriburuko ikastetxe guztiak itxi dituzte.

Horrez gain, osasun-agintarien gomendioen garrantzia azpimarratuta, Urkulluk azaldu du Eusko Jaurlaritza lanean dabilela epidemiak ekonomian izan lezakeen eraginari aurre egiteko neurriak prestatzeko; esan duenez, enpresa-erakundeekin eta sindikatuekin batera ari dira neurri horiek prestatzen. Asteartean alde guztiek egindako bileran, 300 milioi euroko funsa abiatzeko aukera aztertu zuten.

Baliabide horren helburua litzateke osasun eta hezkuntza sistema indartzea, bai eta familiei, enpresei eta enpleguari laguntzeko neurriak sustatzea ere, epidemiaren aurrean.

Apirilaren 5eko hauteskundeak

Halaber, lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritza legalki eta juridikoki ari dela aztertzen apirilaren 5eko EAEko hauteskundeen deialdiari eutsi ahal ote zaion. Nolanahi ere, Urkulluk argitu du Espainiako Hauteskunde Batzordeari dagokiola erabakia hartzea.

Urkulluk nabarmendu du koronabirusak sortutako krisia ez dela kontu politikorik, "osasun publikoaren kontua baizik"; hortaz, alderdiei eskatu die "ez espekulatzeko" epidemia horrekin. Gogora ekarri du, dena dela, hauteskunde-kanpaina, egitekotan, beste edozein gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako ezarrita dauden osasun-arauek baldintzatuta egongo litzatekeela.

EAEko Hauteskunde Batzordearen bilera

Testuinguru horretan, EAEko Hauteskunde Batzordea asteazken arratsaldean bilduko da Eusko Legebiltzarrean, eta, besteak beste, datozen hauteskundeetan koronabirusaren eraginak izan ditzakeen ondorioak aztertuko ditu, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko ordezkari nagusia buru duen organoak ohiko bilera bat egingo du Legebiltzarrean; bileran zehar, Ibarrak Nekane Murga Osasun sailburuarekin izan duen topaketaren berri emango du, COVID-19ak sortu duen egoerari buruz eta horrek hauteskunde prozesuan izan ditzakeen ondorioei buruz.

Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi EAEko Hauteskunde Batzordeak asteazken honetan hauteskunde autonomikoen inguruko erabakirik hartuko duenik; izan ere, lehendakariak zehaztu duen bezala, hori Hauteskunde Batzorde Zentralaren eskumena izan liteke.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;