Politika -

Presoak hurbiltzea

Gobernuak 'kontuan izango du' lehendakariaren proposamena

Jose Blancok Patxi Lopezek presoak hurbiltzeko egindako proposamena "kontuan izango dutela" adierazi du "terrorismoaren kontrako politika bi Gobernuen artean adostuta" dagoelako.

Jose Blanco, Gobernuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Jose Blanco, Gobernuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Gobernuak 'kontuan izango du' lehendakariaren proposamena

01:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Blanco Gobernuko bozeramaileak, adierazi duenez, Exekutiboak "kontuan izango du" lehendakariak presoak hurbiltzeko egindako proposamena "terrorismoari aurre egiteko politika bi Gobernuen artean adostuta" dagoelako.

Ministroen Kontseiluaren ondoren eman duen prentsaurrekoan, lehendakariak presoak Euskadira hurbiltzeko egindako proposamenaren inguruan mintzatu da Blanco. Espetxe politika "beti" terrorismoaren kontrako politikaren parte izan dela esan du Blancok eta "hortaz zuhurtzia eta diskrezioa" beharrezkoak direla.

Blancok azpimarratu du ez duela ezer zehatzik esango presoen hurbiltzeari edo kartzela-politikari buruz: "Terrorismoaren kontrako borrokaren estrategiak ez dira azaltzen".

Lehendakariaren proposameneko hamar puntuetatik, honakoa azpimarratu du Blancok: "ETAren amaiera helburu ukaezina da eta, horregatik, denok eskatu behar diogu ETAri publikoki eta irmoki ekintza terroristak utz ditzala eta desager dadila baldintzarik gabe".

"Lehendakariaren adierazpenak Euskadin indarkeria amaitzea du helburu eta Gobernuak kontuan izango du proposamena", berretsi du.

Gainera, lehendakariaren proposamena ezagutu aurretik aurreiritzirik ez emateko eskatu du Blancok.

Beste erreakzioak

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du ETBko 'Egunon Euskadi' saioan "presoen etorkizuna euren eskuetan" dagoela, Patxi Lopez lehendakariak atzo egin zuen proposamenaren harira. Sailburuak egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, lehendakariaren proposamena "hamar puntuak kontuan izanda ulertu behar da" eta presoak gerturatzeko "adostasuna" beharrezkoa izango da, eta bat egin behar du "ETAren amaiera" lortzeko bidearekin.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko presidentegaiak ere babestu egin du Patxi Lopez lehendakariak politika orokorreko eztabaidan proposatutako 'ibilbide orria'. Besteak beste, ETAko presoak hurbiltzea proposatu du, betiere gizarteratze prozesuan baliagarri bada.

EAJko presidentearen, Iñigo Urkulluren hitzetan, Patxi Lopezek "zortzi oinarrio rokorretan eta Eusko Jaurlaritzari ez dagozkion bi proposamenten" oinarritutako bake plana aurkeztu zuen atzo. Proposamen horietako bat, presoen hurbiltzeari dagokiona, "duela 14 urte onartu zuen Legebiltzarrak", adierazi du.

Bestalde, ezker abertzaleak adierazi du Patxi Lopez lehendakariak proposatutako "adostasunerako plana" ez dela nahikoa, baina "norabide egokian egindako urratsa" dela eta "itxaropena" ere pizten duela.

Bide berean mintzatu da ETAko presoen senitartekoen elkartea, Etxerat.  "Berandu iristen den pauso bat" dela uste du , eta "gizartearen eskakizunetatik urrun" dageola adierazi du. Horregatik, "lidergoa eta ausardia" eskatu dizkiote lehendakariari eta "hitzetatik ekintzetara pasatzeko" deia egin diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea