Politika -
Mozioa
Corrugadosen inguruko txosten tekniko bat eskatuko dio EAJk Azpeitiko Udalari
EAJren ustez, "horrelako aukera bat ezin da pasatzen utzi gobernatzen duen koalizioaren baldintzapen politiko hutsetan oinarrituta".
EiTB Media
EAJren udal taldeak mozio bat aurkeztuko du, Corrugadoseko lantegiaren inguruan Azpeitiko Alkatetzaren jarrera oinarritzen duten txosten juridiko eta urbanistikoak udal taldeei bidaltzeko eskatuz.
"Azpeitiko Udal Gobernuak Corrugados izeneko plantari dagokionez ezer egin ez duenez, EAJ Udal Taldeak premiazkotzat jo du Udalbatzaren iritzia", azaldu du alderdi jeltzaleak ohar batean.
EAJren hitzetan, "bi hilabete igaro dira enpresa Udalarekin bildu zenetik, eta hilabete Nagore Alkorta alkateari idazki bat bidali zionetik. Idazki horretan, lantegiaren jarduerari berriro ekiteko interesa agertu zuen".
"Denbora horretan guztian – Gure Udal Taldeak behin eta berriz eskatu arren –, proposamen horri ez zaio heldu Udaleko Osoko Bilkuran, eta udal-batzordeetan ere ez da landu", kritikatu du.
EAJren ustez, "horrelako aukera bat ezin da pasatzen utzi gobernatzen duen koalizioaren baldintzapen politiko hutsetan oinarrituta".
"Mozioak, halaber, txosten horiek egin ez badira, "berehala idazteko" eskatuko du, proiektua, indarrean dagoen hirigintza-araudiarekin bat datorren baloratu ahal izateko, dagozkion eskakizunak bete ondoren, edo, hala badagokio, Corrugadosen jarduera berreskuratzea ahalbidetzeko izapidetu beharko liratekeen aldaketak adieraz ditzaten", erantsi dute jeltzaleek.
Azkenik, "ekimenak proposatuko du, txostenetako ondorioekin bat etorriz eta gainerako erakundeekin koordinatuta, Amue eremuan industria-jarduerari berrekitea, baina horrek ez du esan nahi Azpeitiko Udalak jarduera Trukutxora eramateko duen helburuari uko egingo zaionik, egoerak ahalbidetzen duenean", azpimarratu du EAJk.