Politika -
Erabakitzeko eskubidea
Prozesu soberanista "aldebakartasunetik" abiatzea eskatu du Lakuntzak
ELA sindikatuko idazkari nagusiaren arabera, covid-19ak eragindako pandemiaren kudeaketan agerian geratu da "autogobernuak gaur egun dituen bitartekoen falta", eta erabakitzeko eskubidea "aldebakartasunaren bidetik defendatzeko beharra" azpimarratu du.
Agentziak | EITB Media
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak prozesu soberanista "aldebakartasunetik" abiatzearen alde egin du gaur, eta estatus politiko berriaren inguruan itzulinguruka ibiltzeari uzteko eskatu dio EAJri, jeltzaleek erabakitzeko eskubidearen harira duten jarrera "distrakzio politikoa" besterik ez dela iritzita. Halaber, PSE-EErekin gai horren inguruan "eztabaida abiatzeko" eskatu dio EAJri; izan ere, "Madrildik zentralizazioa praktikatzen duen alderdi bera da" (PSOEri aipamen eginez).
Lakuntzaren ustez, covid-19ak eragindako pandemiaren kudeaketan agerian geratu da "autogobernuak gaur egun dituen bitartekoen falta, EAEn zein Nafarroan, eskumenen ikuspegitik". Testuinguru horretan, Espainiako Gobernutik "beti aginte bakarra" gailentzen dela azpimarratu du.
ELAk "subiranotasuna bere alderdi guztietan" defendatzen duela nabarmendu ostean, EAJk eta Iñigo Urkullu lehendakariak "baliabide faltaren aurrean" ahotsa altxatu beharrean, aldebikotasunaz hitz egitea deitoratu du, "fikzioa" delakoan. "Zure hauteskunde programaren oinarria ezin da gezur hutsa izan", ohartarazi du Lakuntzak.
Hori dela eta, "autogobernua eta erabakitzeko eskubidea aldebakartasunaren bidetik defendatzeko beharra" azpimarratu du, "demokratikoki Estatuarekin aurrez aurre jartzeko". Ildo horretatik, "herritarrei lurralde honetan gertatzen ari dena esateko" deia egin du, "eskubideak eta eskumenak galtzen ari direla jabetu daitezen".
Horrez gain, uztailean, Urkullu Sanchezek deitutako Presidenteen Biltzarrera joan izana kritikatu du ELAko idazkari nagusiak, "politika errealean aginte bakarra ezartzen ari direnean, eta Estatutua bere osotasunean bete ez dutela 40 urte baino gehiago igaro direnean".
"Autogobernuaren ikuspegitik, gaur egungoa baino egoera hobeago batera eramango gaituen burujabetza prozesu baten aldeko apustua egiten dugu, baina horretarako, kasu honetan, gaur egun ez dagoen konfrontazio demokratiko eta politiko baketsu baten alde egin behar da", azpimarratu du Lakuntzak.
"EAJk esaten duenetik harago, egiten duenari erreparatu behar zaio. Duela zortzi urte abiatu zuen estatus politiko berriari buruzko eztabaida; zortzi urte itzulinguruka ibiltzen, eta gaia distrakzio politikorako elementu gisa erabiltzen", gaineratu du idazkari nagusiak.
Kataluniako egoerari dagokionez, Lakuntzak esan du aldebakartasuna ezin dela Kataluniako independentismoaren bidetik galdu, Espainiar Estatuak ez duelako "erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazio erreferenduma bezalako eztabaidarik abiatu nahi".