Politika -

PRESOAK

Josu Urrutikoetxea absolbitu dute Frantzian haren aurka irekitako lehen auzian

Parisko Zigor Auzitegiaren arabera, ez dago elementu materialik, ezta intentzionalik ere, Urrutikoetxea 2011 eta 2013 artean ETAko kide izan zela frogatzen duenik. Are gehiago, frogatutzat ematen dute Urrutikoetxea Norvegian zegoela bake prozesua aurrera eraman nahian.

Josu Urritkoetxea. Artxiboko argazkia: EFE
Josu Urritkoetxea. Artxiboko argazkia: EFE
Josu Urritkoetxea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pariseko Zigor Auzitegiak absolbitu egin du Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi historikoa 2011 eta 2013 urteen artean erakunde armatuko kide izatetik.

Aretoko hiru epaileek uste dute ez dagoela ez elementu materialik ezta intentzionalik ere Urrutikoetxea, epe horretan, talde armatuko kide zela frogatzeko.

Frantziako Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen harentzat; izan ere, akusatuak esaten zuenaren kontra, fiskalaren ustez Urrutikoetxeak ez zion ETAko kide izateari utzi, Urrutikoetxeak berak 2018ko maiatzean ETAren desegitea iragarri zuen arte. 

Frantziako Justiziak uste du ez dagoela inongo frogarik 2011 eta 2013 artean ETAko kide izan zela frogatzen duenik, eta, horrez gainera, frogatutzan eman du akusatua Norvegian zegoela epealdi horretan, bake prozesuaren lehen urratsak ematen. Hori, ETAko kideekin harremanetan egotearekin batera, ezin da izan, epaimahaiaren arabera, ETAko kide izatea leporatzeko froga. 

Frantziako Justiziak Urrutikoetxearentzat espetxe onurak adostu eta hiru astera eman dute erabakia, abuztuaren 13tik behin-behineko askatasunean eta eskumuturreko telematikorik gabe bizi baita. Kontrol telematiko hori kendu arren, akusatuak kautelazko neurriak ditu oraindik, eta, beraz, astean hiru aldiz aurkeztu behar da polizia-etxean.

ETAko buruzagi politiko ohia baldintzapeko askatasunean dago 2020ko uztailaren amaieratik, eta beste epaiketa bat du Frantzian, 2002 eta 2005 artean ETAko kide izatea leporatuta, irailerako aurreikusten da epaiketa hori eta horren ostean erabaki beharko du Frantziak presoa espainiaratzen duen ala ez. 

Izan ere, Urrutikoetxeak bi auzi ditu zabalik Espainian. Alde batetik, 1987an Zaragozan Guardia Zibilak kuartel-etxean egindako atentatuan parte hartzea leporatzen diote; hamaika lagun hil ziren atentatuan, tartean sei haur. Auzi horrek aurrera darrai, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2. zenbakiko Epaitegi Zentraleko epaileak atzera bota baitzuen apirilean Urrutikoetxearen defentsaren helegitea. Bestalde, ETA herriko tabernen bidez finantzatzearen auzia ere zabalik du.

2019ko maiatzean Frantzian izandako atxiloketaren ondoren, Auzitegi Nazionalak hura entregatzea eskatu zuen lau arrazoirengatik, horietako bat 2006ko Barajasko atentatuagatik, baina Frantziak baztertu egin zuen entregatzea, zehaztasun faltagatik. Bestalde, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak maiatzean baliogabetu egin zuen auzitegi horrek Frantziari Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohia entregatzeko eskatu zion lau prozesamenduetatik bigarrena, 2005eko epaiketan frogatutzat jo baitzuen Urrutikoetxea ez zela ETAko kide Luis Maria Hergueta Guinea Michelineko zuzendaria hil zutenean, 1980an; haren hilketa leporatzen zioten. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak