Politika -

Mugikortasuna

Urkulluk Euskal Y-a amaitzea eskatu du, eta hiriburuetarako sarbidean aurrera egiteko eskaintza berretsi du

Lehendakariak, era berean, Raquel Sanchez ministroaren aurrean, euskal trenbide eta aireportuekin lotutako gaiak eta zerbitzuak Euskadira transferitzea eskatu du, "osorik bete dadin" Gernikako Estatutua.

SUM Bilbao 2021en aurkezpen ekitaldia. EFE
SUM Bilbao 2021en aurkezpen ekitaldia.
SUM Bilbao 2021en aurkezpen ekitaldia. EFE

Agentziak| Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak, Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroaren aurrean, Euskal Y-a amaitzeko beharra azpimarratu du, eta Eusko Jaurlaritzak eta euskal erakundeek "hiriburuetarako sarbidean aurrera egiteko" egindako eskaintza berretsi du, "hiri-eraldaketan, ingurumenaren integrazioan eta kohesio sozialean benetan lagunduko duten jarduerei helduz".

Repsol-Petronorrek eta Bilboko Udalak antolatu eta Felipe VI.a Espainiako erregeak inauguratu duen Bilbo 2021 SUM Mugikortasun Kongresuan esan ditu hitzok: bi egunez, nazioarteko 90 aditu bilduko ditu, kongresu horrek, hiri-mugikortasun jasangarriaren erronkak eta aukerak aztertzeko. Inaugurazio ekitaldian Raquel Sanchez  Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa ere izan da, besteak beste.

Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak mugikortasunaren arloan dituen helburuetako batzuk azpimarratu ditu, hala nola, Europako Korridore Atlantikoaren "funtsezko katebegi" gisa kokatzea, klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduko duen garraio kolektiboko sistema bat bultzatzea eta "Euskal Hirian integratutako" garraio publikoaren mapa "intermodala" burutzea.

Era berean, euskal trenbide eta aireportuekin lotutako gaien eta zerbitzuen transferentzia burutzeko beharra aipatu du, Gernikako Estatutua "osorik bete dadin".

Urkulluren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren "nahia" 2030erako euskal garraioaren mapa amaitzea da, "garapen jasangarriaren helburuei lagunduz eta berotegi-efektuko gasen isurketa murriztuz, hori baita gure 10 herrialde-helburuetako bat", azpimarratu du.

Azaldu duenez, estrategia partekatu horretan industriak "garrantzi handia" du, izan ere, Eusko Jaurlaritzak ezarri duen helburuetako bat BPGren % 40a industria eta zerbitzu aurreratuek ordezka dezaten. Gainera, pandemiaren hilabeteetan, "kaltetutako sektoreei" laguntzeaz gain, euskal industriari babesa eman diotela azpimarratu du, "kluster espirituarekin betiere".

"Hilabete honetan bertan ikusi dugu energiaren, osasun-industrien edo mugikortasunaren alorrekoak funtsezko industria-sektoreak direla Euskadiren etorkizunerako, lehentasun gisa hartzen dugun trantsizio teknologiko eta digitala aplikatzeko eta EAEren bultzada ekonomiko eta sozialerako, pandemiaren ondorengo etapan", gaineratu du.

Azkenik, gizarte osoari dei egin iraunkortasunaren alde egin dezan, eta azpimarratu du mugikortasun iraunkorraren erronka "erabaki pertsonal batekin" hasten dela. "Kongresutik bat egiten dugu mugikortasun iraunkorragoa, garraio kolektiboa, bizikleta eta oinez ibiltzeko konpromiso pertsonalaren aldeko nazioarteko deiarekin", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errege-etxea Klima-aldaketa Politika Bilbo Donostia Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Abiadura Handiko Trena Garapen Iraunkorrerako Helburuak Industria