Itxi

2021/11/11

18:35

Politika

Auzitegi Konstituzionala

Enrique Arnaldo Auzitegi Konstituzionaleko magistratu izango da, PSOE, PP eta Unidas Podemosen babesarekin

AGENTZIAK | EITB Media

PSOEko eta Unidas Podemoseko zenbait diputatuk, tartean Odon Elorza sozialistak, ez dute beren taldeek agindutakoa bete eta ez dute PPko hautagaiaren aldeko botorik eman. EAJk, EH Bilduk, ERCk, CUPek, PDeCatek, Juntsek eta BNGk ez dute bozketan parte hartu.

3:59
Auzitegi Konstituzionala. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako Auzitegi Konstituzionalerako PSOEk eta Alderdi Popularrak adostutako lau magistratuen izendapena onartu dute gaur Diputatuen Kongresuan.

Magistratu horietako bat Enrique Arnaldo da. PPk proposatu zuen eta bere hautagaitzak zalaparta handia sortu du. Polemika horren ondotik, PSOEko eta Unidas Podemoseko hainbat diputatuk ez dute haren aldeko botorik eman, beren taldeen agindua urratuz.

Horietako bat Odon Elorza sozialista izan da. Twitter sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez jakinarazi du ez duela Enrique Arnaldoren hautagaitza babestu.

Unidas Podemoseko Gloria Elizo eta Meri Pita diputatuek izendapen horren aurkako artikulu bat argitaratu zuten duela gutxi komunikabideetan eta, beraz, suposatzen da ez dutela haren alde egin. Botoa sekretua da eta ez dute argitu azkenean zer egin duten.

Edonola ere, Enrique Arnaldok 232 boto lortu ditu, Concepcion Espejelek 237 eta sozialistek proposatutako Inmaculada Montalbane eta Ramon Saez magistratuek 240na boto.

Espainiako Gobernuaren aliatuak diren talde parlamentario askok -ERC, EAJ, EH Bildu edo BNG- Unidas Podemosen jarrera kritikatu dute eta karguak izendatzeko bipartidismoaren estrategiarekin bat egin duela aurpegiratu diote. Hala, alderdi horietako ordezkariak ganberatik atera dira eta ez dute bozketan parte hartu.

 

 

Polemikaren jatorria

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (BJKN) izan ezik, gainerako konstituzio-organo guztiak berritzeko ituna egin zuten PSOEk eta PPk. Gaur, Kongresuak Auzitegi Konstituzionaleko lau kide, Kontuen Auzitegiko sei eta Herriaren Defendatzailea -Angel Gabilondo- hautatu ditu.

Polemika PPk Konstituzionalerako proposatu zituen bi hautagaiek eragin dute: Concha Espejel eta Enrique Arnaldo bera.

Espejel Gurtel kasutik kanpo utzi zuten, PPrekin zuen kidetasunagatik; Arnaldo, berriz, FAESekin elkarlanean aritu da, Palma Arena belodromoaren gainkostuaren inguruan ikertu zuten, eta, zenbait hedabidek argitaratu dutenez, Lezo auziko UCOren grabazioetan agertu zen Ignacio Gonzalez Madrilgo presidente ohiarekin izandako elkarrizketa batean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;