Politika -
PSE-EE-REN KONGRESUA
"Hasiera berri bat" PSE-EErentzat
Euskadiko Alderdi Sozialistak gaur eta bihar, Bilboko Euskalduna Jauregian, egingo duen IX. Kongresuan, Idoia Mendiaren lekukoa hartuko du Eneko Anduezak idazkari nagusi karguan. Besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hartuko du parte ekitaldian.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Aro berri bati ekin nahi dio PSE-EEk, eta hortik, IX. Kongresuari jarri dion leloa: "Hasiera berri bat". Eneko Anduezak hartuko du idazkari nagusi kargua, Idoia Mendiaren eskutik, eta politikari eibartarrak gidatuko ditu Euskadiko sozialisten hemendik aurrerako urratsak. Hala, gaur eta bihar, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duten batzarrean, zuzendaritza berria bakarrik ez, aurrera begirako bide-orria jasoko duen ponentzia ere eztabaidatu eta onartuko dute.
Aurreikusitakoaren arabera, 10:00etan da hastekoa Kongresua, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramailearen eta Lurralde Politikako ministroaren hitzaldiarekin, eta ondoren, 11:30 inguruan, Idoia Mendia orain arte PSE-EEren idazkari nagusi izan denak hartuko du hitza. Euskal sozialisten buru gisa egingo duen azken hitzaldia izango da, eta ardura horretan egindako lanaren errepasoa egiteko aprobetxatuko du bere agerraldia.
Arratsalderako, berriz, ponentzien — antolakuntzari eta eduki politikoei buruzkoak — eztabaidaren ondotik, Jose Manuel Albares eta Diana Morant, Atzerri Gaietarako eta Kooperaziorako, eta Zientzia eta Berrikuntza ministroekin, hurrenez hurren, batzartuko da Andueza.
Sanchez, itxiera ekitaldian
Iganderako iragarri dituzte sozialistek Kongresuko bi hitzaldi nagusiak. PSE-EEren Batzorde Exekutibo berriaren bozketaren ondoren — 354 ordezkarik hartuko dute parte —, Anduezak idazkari nagusi modura lehendabiziko hitzak egingo ditu, jarraitzaileen aurrean, eta alboan izango du Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren buru den Pedro Sanchez. Horrek esango duenak ere, ikusmina piztu du.
Sozialisten ordezkaritza zabala espero da Bilbon, tartean, Maria Chivite Nafarroako presidentearena. Harekin batera, PSOEren zuzendaritza nagusiko lehen lerroan diharduten arduradun ugari izango dira.
Joan den urriaren 30ean hautatu zuen idazkari nagusi kargurako Andueza, PSE-EEren primarioetan. Ezustekorik ez zen egon, eta botoen, % 95,30 eskuratu zituen orain arte Gipuzkoako sozialisten buru izan denak.
Asteartean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, PSE-EEren buruak garbi utzi zuen "orain arteko hitzarmenei" eutsiko dietela, EAJrekin Eusko Jaurlaritzan duten akordioari erreferentzia eginez. Ezker Abertzalearekin dituzten akordioak oso leku zehatzetan eta oso gai zehatzei buruzkoak direla eta EAJrekin duten konpromisoa "leialtasunez" beteko dutela nabarmendu zuen: "Denborak esango du, baina, epe laburrean, daukagun erantzukizuna beteko dugu", zehaztu zuen.
Espainiako Gobernuari buruz galdetuta, Anduezak nabarmendu zuen "gobernu sendoa" dela, eta "zalantzarik gabe", legealdiaren amaierara iritsiko dela. "Noski, ezberdinen artean osatutako gobernu guztietan bezala, tentsioak eta ikuspuntu ezberdinak daude, eta hori, "ona da, bakoitza non dagoen argi gera dadin", gaineratu zuen.