Politika -

ETA-REN BIKTIMAK

"Bere ibilbide etikoan urrats gehiago" eskatu dizkio PSEk ezker abertzaleari

Isaias Carrasko 2008ko martxoaren 7an ETAk hil zuen zinegotzi sozialistaren omenezko ekitaldian parte hartu du PSEko buruzagiak gaur, Arrasaten.

Eneko Andueza eta Sandra Carrasco gaur Arrasaten. Argazkia: EFE
Eneko Andueza eta Sandra Carrasco gaur Arrasaten. Argazkia: EFE
Eneko Andueza eta Sandra Carrasco gaur Arrasaten. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak "urrats" gehiago eskatu dizkio ezker abertzaleari ETAren indarkeriaren inguruan "egin beharra daukan ibilbide etiko eta moralean","terrorismoaren biktima guztiekiko eta euskal gizartearekiko zor hori" izaten jarraitzen baitu, Anduezaren esanetan.

Arrasaten izan da gaur goizean PSEko burua, Isaias Carrasco ETAk 2008ko martxoaren 7an hil zuen zinegotzi sozialistaren omenezko eitaldian.

Marian Romero, Carrascoren alarguna, zein hiru seme-alabak, Sandra, Ainara eta Adei, babestera joan dira Andueza, Miguel Angel Morales sozialisten Antolakuntza idazkaria, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako sozialisten burua, Iñaki Arriola kontsilaria, Rafaela Romera foru diputatua eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, besteak beste.

Loreak jarri dituzte Carrasco hil zuten tokian, eta ondoren, Anduezak hildakoaren profila goraipatu eta ETAk "sozialista izateagatik" hil zuela gogoratu du.

ETAk hiltzeari utzi zionetik gauzak "asko aldatu" direla nabarmendu du, baina, era berean, gauza batzuk ez direla eurek nahi adina aldatu ohartarazi du, "hainbat hamarkadaz indarkeria babestu zuten sektoreen posizio politikoa", adibidez. Batzuk gertatu zena "hain azkar atzean utzi nahi izatea" "frustrantea" dela esan du eta "mina eman eta lotsarazi behar dituen iragan batetik ezkutatu nahi izatea" egotzi die.

Bere iritziz, ez dira nahikoa "euren iragana makilatzeko egiten dituzten keinuak", "egin beharra daukaten ibilbide etiko eta morala ez bada urratsekin berresten". Gauzak horrela, pauso horiek eman ditzaten lanean jarraituko dutela esan du. "Ez guk eskatzen dugulako, terrorismoaren biktimekin eta euskal gizartearekin duten zorra delako" azaldu du Anduezak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza ETA gaur Arrasate PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Eneko Andueza albisteak Debagoieneko azken ordukoa