Politika -

pse-ee

Andueza: "Inoiz ez dugu proiektu subiranistetan ezta Voxekin egindako itunetan parte hartuko"

Iruña Okako alderdiaren egoitza berriaren inaugurazioan, PSE-EEko idazkari nagusiak Alberto Nuñez Feijoo gaitzetsi du, Gaztela eta Leongo Gobernua osatzeko popularren eta Voxen arteko akordioagatik.

Eneko Andueza, PSE-EEko egoitzaren inaugurazioaren ostean egindako mintzaldian. Argazkia: EITB Media
Eneko Andueza, PSE-EEko egoitzaren inaugurazioaren ostean egindako mintzaldian. Argazkia: EITB Media
Eneko Andueza, PSE-EEko egoitzaren inaugurazioaren ostean egindako mintzaldian. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSEE-EEko idazkari nagusiak larunbat honetan nabarmendu duenez, sozialistek ez dute "inoiz" parte hartuko proiektu subiranistetan zein ultraeskuinari ateak irekiko dizkioten "lotsaren" itunetan, Voxi erreferentzia eginez.

Anduezak eta Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak Iruña Okako alderdiaren egoitza berria inauguratu dute, Michel Montes herri horretako alkatearekin batera.

Haren mintzaldian, euskal sozialisten buruak Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidente eta PPren presidentetzarako hautagai bakarra dena gaitzetsi du, Gaztela eta Leongo Gobernua osatzeko popularren eta Voxen arteko akordioagatik.

Adierazi duenez, "erdialderanzko bidaia abiatuko zuela esanez iritsi zen, eta eskuin muturrean amaitu du, Voxi Gaztela eta Leongo gobernu lotsagarri baten ateak irekiz".

Anduezak gogorarazi du PSOEk kordoi demokratikoa eskaini zuela Vox isolatzeko, eta argitu du sozialistak inoiz ez direla egongo "hainbeste esfortzurekin irabazitako oinarrizko eskubideen zuloan"; bakearen, askatasunaren eta gizarte eskubide berrien aldeko borrokan baizik.

Haren aburuz, PP ez zen egoerak eskatzen zuen bezala aritu pandemiaren hilabete gogorrenetan, ezta Ukrainako gerraren lehen garaietan edo ultraeskuina isolatzeko europar kideen eredua jarraitzean ere.

Gainera, Andueza Ukrainaren inbasiotik ihes egindako errefuxiatuei buruz aritu da, eta helarazi die harrera egingo zaiela, beste herrialde batzuk garai batean espainiarrekin egin zuten moduan. "Haien etxea ere bada hau, eta maite ditugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Araba Albisteak Alderdi Sozialista PP Herriak eta Hiriak Araba EAE albisteak PSE-EE berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Iruña Oka Eneko Andueza albisteak