Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Hauteskunde eztabaida EiTBn, Ekialde Hurbileko gatazka eta Food 4 Future
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko apirilaren 16an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hauteskunde eztabaida EiTBn: Gaur, asteartea, EiTBk bigarren hauteskunde eztabaida eskainiko du zuzenean, 22:00etatik aurrera, ETB2n, Radio Euskadin eta eitb.eus-en. Lehendakarigai guztiak batuko dituen telebistako lehen debatea izango da, eta bakarra. Lehendakarigai diren aldetik hauek parte hartuko dute: Imanol Pradales (EAJ), Pello Otxandiano (EH Bildu), Eneko Andueza (PSE-EE), Javier de Andres (PP), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos), Alba Garcia (Sumar) eta Amaia Martínez (VOX).
- Ekialde Hurbileko gatazka: Azken orduetan Israelek ez du baztertu Iranen aurka beste eraso bat egiteko aukera. Hosein Amirabdolahian Irango Atzerri ministroak ziurtatu duenez, larunbateko erasoa Nazio Batuen Gutunak jasotzen duen defentsarako eskubidea errespetatuz egin zuten. Ameriketako Estatu Batuak eta NATOko kideak, bere aldetik, Israelen eta Iranen arteko tentsioa baretu nahian ari dira.
- Food 4 Future: Gaur, asteartea, irekiko ditu ateak Food 4 Future azokak Barakaldoko BECen. Aurten, berrikuntza gisa, Pick&Pack for Food Industryrekin batera ospatuko da. Hiru egunetan zehar, elikaduraren industriako 8.000 profesional eta 280 enpresa erakusle bilduko dira azokan, eta, antolatzaileen aburuz, 19 milioi euroko inpaktua izango du jardunaldiak EAEn.