Hauteskunde Orokorrak -

Kanpaina

Euskal alderdiek parte hartzeko deiarekin itxi dute kanpaina

Taldeek EAEko hiru hiriburuetan amaitu dute igande honetako hauteskunde orokorretarako kanpaina, hainbat ekitaldi eginez.

kanpaina

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdiek baikor eta parte hartzeko deiarekin itxi dute igande honetarako hauteskunde orokorretarako kanpaina. Taldeek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela euren hautesle guztiek botoa ematea. Gasteizen, Donostian eta Bilbon egin dituzte ekitaldiak ostiral honetako gauean, botoa eskatzeko azken orduetan.

EAJk abertzale guztien botoa eskatu du

Iñigo Urkullu lehendakariak abertzale guztien botoa eskatu du, EAJk hauteskunde-kanpainari amaiera eman dion ekitaldian. Urkulluk eskatu du botoa "Madrilen defendatzeko Euskadin egin eta egingo duguna".

EAJk Bilboko Areatzan egin du amaiera-ekitaldia. Mitina jai-giroan egin dute; hasieran bi kanta tradizional abestu dituzte: "Bagare" eta "Ikusi Mendizaleak".

"Euskal herritarrak gara. Abertzaleak gara. Igandean jai abertzalea egon behar da Euskadin. Boto abertzale guztiak EAJrentzat izatea eskatzen dut. Boto guztiak gorri, berde eta zuri. Boto guztiak Madrilen Euskadiren alde egiteko. Madrilen egin eta egingo duguna defendatzeko", esan du lehendakariak.

Urkulluk gogorarazi du Correo kalean, mitina egin duten lekutik gertu, lehen aldiz astindu zuen ikurriñak, duela 121 urte: "Nork eramango du ikurriña Madrilera igandetik aurrera? EAJren aldetik hautatuak garen guztiok daramagu ikurriña. Euskadi daramagu. Madrilen Euskadiko interesak defendatuko ditugu, Kontzertu Ekonomikoa, autogobernua, etorkizun hobe bat. Madrilera goaz jarraitzeko izaten Osasun onena, Hezkuntza onena, Babes Sozial onena", adierazi du lehendakariak.

Antzeko mezua luzatu du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak: "Boto guztiak dira beharrezkoak. Denbora dago oraindik jendea suspertzeko, jendeari esateko ez zaiola lau iruzurtik esandakoari kasurik egin behar. Herrialde honetako geroa jokoan dago". Ortuzarrek deia egin du "EAJren aldeko botoa lortzeko. Euskadin badago beste aukera bat. Abertzaleok, Euskadi maite duzunok, igandean EAJren aldeko botoez bete behar dira hautestontziak. Inoiz kale egiten ez duen botoa da, euskal herritarrak ondoen defendatzen dituena. Zurearen alde egiten duen botoa", esan du jeltzaleak.

Arraiz: EH Bilduri botoa, subiranotasunerako beste pausu bat emateko

EH Bilduko lider Hasier Arraizek koalizio abertzalearentzako botoa eskatu du iganderako, "beste pausu bat emateko subiranotasunerantz, justizia sozialerantz eta eskubide sozial eta politiko guztien errespeturantz".

Arraizek EH Bilduren hauteskunde-kanpaina itxi du gaur, Donostian, Trinitate plazan. Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoako zerrendaburua ere bertan izan da.

Bere hitzaldian, Sortuko presidenteak defendatu du garrantzitsua dela ordezkari independentista Gorteetan egotea: "Madrilera joan behar gara esateko zer erabaki duen Euskal Herriak, entzun gaitzaten; ez dira diputatuak, ez dira senatariak, herri baten ahotsa dira, inperioko hiriburuan bere askatasunaren alde borrokatzen duen herri baten ahotsa, alegia".

Ezker abertzaleak maiatzeko hauteskundeetan izandako emaitzaren osteko autokritika gogorarazita, Arraizek goraipatu du mugimendu politiko honen ibilbidea, historian zeharrekoa eta gaur egunekoa.

PSE: "Bi egun geratzen dira Rajoyri agur esateko"

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak arratsaldean Gasteizen esan du bi egun direla “Rajoyri eta PPren lau urte ilunei agur esateko”; izan ere, haren esanetan, "sozialisten eskutik etorriko den etorkizun berri baten garaia heldu da".

Mendiak amaiera eman dio gaur gauean hauteskunde-kanpainari, Arabako hiriburuko hotel batean. Euskadiko hiru probintzietako hautagaiak izan dira bertan, eta baita Cristina Gonzalez Arabako PSEren liderra ere.

"Aldaketaren kanpaina ari gara ixten. Atzerako kontaketa hasi da", adierazi du Mendiak. PSEko idazkari nagusia baikor azaldu da, eta esan du bi egun geratzen direla "aldaketarako, itxaropenerako eta agur esateko Rajoyri, Barcenasentzako mezuei eta PPren lau urte ilunei".

Alonsok botoa PPn biltzeko deia egin du, "esperimentu arraroak saihesteko"

Euskadiko PPko presidente eta Arabako zerrendaburu Alfonso Alonsok deia egin du botoa PPn biltzeko, Espainiako Gobernuan "esperimentu arraroak saihesteko".

Alonsok parte hartu du gaur gauean Euskadiko PPk Gasteizen egindako kanpainaren amaiera-ekitaldian. Leopoldo Barreda eta Borja Semper Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak ere bertan izan dira, eta baita Javier Maroto agintaria ere. Alonsok esan du bere ustez igandean PSOEk beste porrot bat jasoko duela, Pedro Sanchez idazkari nagusia denetik ildo beretik jarraituta. Hala ere, ohartarazi du Sanchezek, gero, bulegoan, egoerari buelta ematen saiatuko dela. "Hori notak faltsutzea bezalakoa da".

Maura (Ahal Dugu): Erabakitzeko demokrazia gehiago dator

Eduardo Maura Ahal Duguko Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak nabarmendu du, kanpainari amaiera emateko Bilbon egindako ekitaldian, "erabakitzeko demokrazia handiagoa" datorrela, igandeko hauteskundeen ostean.

"Gure ustez, erabakitzeko demokrazia gehiago dator, eskubide sozialak bermatuta dituen etorkizun gehiago, garai berri bat; ezinezkoek ziruditen hainbat gauza posible bilakatuko dira", adierazi die Maurak komunikabideei.

Riverak eskatu du PPk eta PSOEk argitzea ea utziko dioten gobernatzen Ciudadanosi, botorik gehien duena bada

Ciudadanoseko presidente Albert Riverak nabarmendu du abstentzioaren alde egingo duela egingo duela gobernatzerik ez badu; hala, haren esanetan, irabazleak osatuko du gobernua, PPk edo PSOEk. Ildo beretik, bi alderdi horiei "bustitzeko" eskatu die: "Esan dezaten ea gauza bera egingo duten eta Ciudadanosi gobernatzen utziko dioten, irabazten badu".

Nafarroan ere, kanpainaren amaiera

Nafarroan ere bizi izan dituzte kanpainaren azken orduak. Iruñean egin dituzte hainbat ekitaldi, ostiral gauean zehar. Iñaki Errea, berriemaile bideoan:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra Iñigo Urkullu Andoni Ortuzar albisteak Hauteskunde orokorrak Hasier Arraiz bideoak Idoia Mendia bideoak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP bideoak Hautagaiak Euskadiko Ciudadanosi buruzko albisteak Ciudadanos Alfonso Alonso albisteak Albert Rivera albisteak