Hauteskunde Orokorrak -

A28

Vox alderdiak ez ditu aurreikuspenak bete, ezta hurrik eman ere

24 eserlekurekin sartu da Kongresuan alderdi ultraeskuindarra, baina 50etik gora espero zituzten. 'Hau hasiera baino ez da', ohartarazi du Abascalek.

Santiago Abascal, bart, bere jarraitzaileen aurrean. Argazkia: VOX.
Santiago Abascal, VOX
Santiago Abascal, bart, bere jarraitzaileen aurrean. Argazkia: VOX.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vox alderdi ultraeskuindarra indarrez sartu da Espainiako Diputatuen Kongresuan, baina kanpainan sortutako aurreikuspenak ez ditu bete, ezta hurrik eman ere. 24 eserlekurekin sartu da hemizikloan Santiago Abascalen alderdia, baina 50etik gora espero zituzten.

CISen azken galdeketak 29-37 diputatu (% 11,9) iragarri zizkionean ere, Voxek oso goitik jo zuen, emaitza bikoitza espero zuela esanez. Andaluzian bezala, Gobernua osatzeko giltza izan nahi zuten, baina ez dute lortu.

Halere, behin betiko emaitzak jakin eta berehala, Abascal indartsu atera da bere jarraitzaileen aurrera, eta Espainiaren "errekonkista" abian dela oihukatu du. "Errekonkistari hasiera eman behar geniola esan genizuen, eta hori da, hain zuzen ere, egin duguna", esan du.

Indar ultraeskuindarrari botoa eman dioten bi milioitik gora herritarrei eskerrak eman, eta ez diela hutsik egingo esan die.

PSOE eta Pedro Sanchez Moncloatik botatzea jarri zuen helburutzat Voxek, eta hori ere ez dute lortu; izan ere, eskuineko hiru alderdien baturak ez die gobernatzeko beharko luketen gehiengoa ematen. Colon plazan ateratako argazki historikoak, beraz, ez du ezkerra kanporatzeko balio izan.

Hego Euskal Herrian, ordezkaritzarik ez

EAEn, 28.062 boto eskuratu ditu VOXek, botoen % 2,21, 2016ko bozetan baino 27.115 gehiago. Aurreko hauteskunde orokorretan Bizkaian eta Araban bakarrik aurkeztu zuen hautagaitza.

Nafarroan, berriz, 17.660 boto lortu dituzte ultraeskuindarrek, botoen % 4,48.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Vox