Hauteskunde Orokorrak Espainian 2019: A10ari buruzko azken orduko albisteak | EITB Hauteskundeak

hauteskundeak

20:12

Hauteskunde Orokorrak

EAE - 6. eguna

PPk 'ekonomiaren eta lurraldearen egonkortasuna' defendatuko du

agentziak

PSE-EEk "zalantzatien" botoa eskatu du, Elkarrekin Podemosek PP-PSOE koalizioa "egitate bat" dela ohartarazi du, EH Bilduk berriz ere PP hutsean uztea espero du, eta PPk enplegu galera deitoratu du.

0:31
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EAJk "fiskalitate berdea" proposatu du industriarako, botoak PSOEn pilatzea eskatu du PSE-EEk, Elkarrekin Podemos alternatiba ekologista gisa aurkeztu da, eta EH Bilduk bidegabekerien aurkako botoa eskatu du.

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile eta azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako Bizkaiko zerrendaburuak Estatu mailako funts bat sortzea proposatu du, trantsizio energetikoaren erronkari "pixkanaka-pixkanaka" aurre egiteko, industria sektorearekin elkarlanean, batez ere automobilgintzan.

EAJk mugikortasunari eta ingurumenari buruzko ekitaldi politikoa egin du asteazken honetan, Gasteizen, eta bertan, Estebanek deitoratu egin du Espainiako agintari politiko nagusien "ardura" faltak hauteskunde errepikapen horretara eraman izana.

Automobilgintzak EAEn duen garrantzia azpimarratu du Estebanek, eta gogorarazi du sektore hori dela EAEko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %25, eta 40.000 enplegu zuzen azpisektore horretako enpresen menpe daudela.

"Industria zaindu egin behar da, eta guk emaitzak eskaintzen ditugu", nabarmendu du. Ondoren, Estebanek gogora ekarri du EAJk, 2017ko aurrekontuen negoziazioan, PPren Gobernu zentralarekin EAEko industriari aplikatutako tarifa elektrikoa "diskriminatzailea" jaistea lortu zuela.

EAJko hautagaiak bere alderdiak klima aldaketaren aurkako nazioarteko akordioekin duen konpromisoa erakutsi du, eta horren inguruan erabakiak hartzeko orduan "atzerapenik" ezin dela egon ohartarazi du. Hala ere, hartzen diren aldaketak "pixkanaka" egin behar direla zehaztu du, "datak eta helburuak" ezarriz.

Horrez gain, trantsizio energetikorako estatu funts bat sortzea proposatu du; funts horren kudeaketa autonomia erkidegoei egokituko litzaieke, eta "fiskalitate berdearen" eredu baten bidez finantzatuko litzateke, enpresa kutsakorrenak zergapetuko lituzkeena.

PSE-EE

Odon Elorza Kongresurako PSOEren Gipuzkoako hautagaiak esan du sozialistentzat Gipuzkoako bigarren eserlekua "eskura" dagoela, eta azpimarratu du EAEn boto erabilgarria ez direla "alderdi abertzaleak" edo EH Bildu, baizik eta PSOEn "pilatu" behar direla botoak.

Elorzak EH Bilduri egotzi dio hauteskundeak errepikatzearen ardura, Pedro Sanchezen aurrekontuak ez babesteagatik, eta esan du alderdi hori "ezegonkortze faktorea" dela, eta Euskal Herriarentzat eredu "sezesionista eta aldebakarrekoa" nahi duela.

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak azaroaren 10ean "etxean geratu" nahi dutenei ohartarazi die "Casado, Abascal eta Riverari alfonbra gorria jartzen" ariko direla, eta berretsi du Pedro Sanchezek gobernatzen ez badu, eskuindarrek egingo dutela.

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egindako ekitaldi batean parte hartu du Mendiak, eta azaldu du “atzerapenari eta konfrontazioari” aurre egiteko "modu bakarra PSOEri masiboki botoa ematea" dela.

Elkarrekin Podemos

Roberto Uriarte Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko zerrendaburuak Zallan esan duenez, Podemosek larrialdi klimatikoari aurre egingo dion gobernua osatzeko bermerik onena da.

Uriartek nabarmendu du SEO Birdlife talde ekologistak politika ekologistari dagokionez puntuaziorik altuena eman diola Union Podemosen programari, eta, horregatik, "Belaunaldi gazteenek aldarrikatzen duten planetaren aldaketaren alde benetan zerbait egin dezakeen gobernu bat nahi duten guztien botoa" eskatu du.

Elkarrekin Podemoseko hautagaiak esan du bere alderdia dela Euskadiren interesak defendatzen dituen bakarra, Kongresuan talde "handi" batekin.

"Union Podemos da bipartidismoaren tapoitik atera gaitzakeena, aurrera egiteko, nazioaniztasuna lortzeko, eskubideak berreskuratzeko eta planeta babesteko gobernu batera irits daitekeen bakarra", gaineratu du.

EH Bildu

Datorren igandeko hauteskundeetan euskal gazteriak "Estatutik datozen bidegabekeriei erantzuteko aukera" duela esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Iruñean.

"Hauteskunde hauek Estatutik etorritako bidegabekeriei erantzuteko tresna gisa ulertu behar dira, Altsasuko gazteen kasuan bezala", adierazi du Otegik Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako ekitaldi politikoan.

Hori dela eta, Otegik azpimarratu duenez, "euskal gazte bakar baten botoa ezin da etxean geratu, horrek inboluzio antidemokratikoan sakondu eta gure eskubideak eta askatasunak murriztu nahi dituztenei bakarrik egingo baitie mesede".

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ustez, "Estatuaren inboluzioa" ez da berria: "Gure gazteek jasan duten Mozal Legearen bidez praktikan jartzen ari ziren".

PP

Iñigo Arcauz Kongresurako PPren Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi du bere alderdiak "Gipuzkoa ausardiaz, konplexurik gabe" defendatuko duela, "Sabin Etxearen tutoretzapean" dagoen EAJri kontra eginez. "Gipuzkoan zentratuko gara, pertsonengan, haien interesak defendatuko ditugu interes alderdikoien gainetik, nazionalismoan ez bezala, ekonomiaren eta lurraldearen egonkortasunaren alde eginez", adierazi du.

Irungo egindako ekitaldi batean, Arcauzek "egungo lege esparrua, Konstituzioa, Kontzertu Ekonomikoa eta Foruak" defendatu ditu.

Besteak

Recortes 0-Grupo Verdek dio pentsioak konstituzioan babestu behar direla.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena