Hauteskunde Orokorrak -
A10
Hego Euskal Herriko 2,3 milioi herritar daude gaur botoa ematera deituta
EiTBko hedabideek jarraipen zabala egingo diete hauteskundeei. Besteak beste, programa bereziak eta emaitzak zuzenean eskainiko dira.
EITB.EUS
Hego Euskal Herriko 2.305.370 herritar daude deituta azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan botoa ematera, apirilaren 28ko bozetan baino 3.000 inguru gehiago. 2015etik laugarren aldiz aurkeratuko dira Espainiako Gorteak.
Denera, 32 haugaitza aurkeztu dira Kongresurako (8 Araban, 9 Bizkaian, 8 Gipuzkoan eta 7 Nafarroan), eta beste horrenbeste Senaturako. 23 eserleku dagozkie euskal hautagaiei Kongresuan (8 Bizkaitik, 6 Gipuzkoatik, 4 Arabatik eta 5 Nafarroatik), eta 16 Senatuan (barruti bakoitzeko 4).
EAEn, denera, 721 hautesleku zabalduko dituzte, eta horietan 5.338 hautetsontzi jarriko dituzte 2.669 hauteskunde-mahaitan. Nafarroan, berriz, 358 hauteslekutan 976 mahai eta 2.300 boto-ontzi ipiniko dituzte.
20:00etan hauteskunde-eskolak itxi eta botoak zenbatu ostean, mahaietan 1.200 gailu izango dituzte, datuak jaso eta bidaltzeko. Datuak ondo bidaliko direla egiaztatzeko, hauteskundeen aurretik entseguak egin dituzte euskarri informatikoa emango duen enpresarekin.
14.817,35 euro eserleku bakoitzeko
Espainiako Kongresuan eta Senatuan lortutako eserleku bakoitzeko 14.817,35 euro jasoko dituzte alderdiek, apirileko bozetan baino % 30 gutxiago. Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Lege Organikoak jasotzen duenez, hauteskunde errepikapenen ondorioetako bat da diru-laguntzak, zenbait alorretan, heren bat murriztea.
Halaber, Kongresurako lortutako boto-paper bakoitzaren truke 57 zentimo jasoko dituzte alderdiek, betiere, ordezkaritza lortzen badute. Diru kopuru hori ere jaitsi egin da, aurreko hauteskundeekin alderatuta. Boto-paper bakoitzeko 81 zentimo jaso zituzten orduan.
Diputatuen gutxieneko soldata 3.800 eurokoa izango da, eta bakoitzak bi gailu elektroniko jasotzeko aukera izango du (iPad eta iPhone motako bana).
Kode etikoaren arabera, diputatu bakoitzak bere ibilbide profesionalari eta pertsonalari buruzko hainbat xehetasun jakinarazi beharko ditu. Besteak beste, azken urteotan non egin duen lan eta zenbat diru jaso duen adierazi beharko ditu.
Bestalde, ibilgailu ofizialik ez duten diputatuek urtean 3.000 euroko taxi-bonu osagarri bat izango dute, garraiorako.
Eserlekuaren jabe egin eta berehala, Kongresuaren atari digitalean diputatuen datu akademikoak publikatu dira, dagozkien tituluen eta ziurtagirien kopiekin.
Jarraipen zabala, EiTBn
Hauteskunde gauean EiTBk saio bereziak emango ditu taldeko hedabide bakoitzean. Euskal Telebistak saio bana eskainiko du ETB1en eta ETB2n, 20:00ak baino lehen hasita, eta hauteskundeetako informazioa tartekatuko dute gainerako albistegi eta igandeko kirol tarteekin batera. ETB1ekoa Amaia Cayerok eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dute; ETB2n, berriz, Africa Baeta, Juan Carlos Etxeberria eta Xabier Garcia Ramsden izango dira aurkezleak.
Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik 19:45ean hasiko dute hauteskunde gaueko tarte berezia; Iñaki Guridik eta Olaia Urtiagak gidatuko dute Euskadi Irratikoa eta Dani Alvarezek Radio Euskadikoa.
Alderdi nagusien egoitzetatik zuzeneko informazioa jaso eta zabalduko da arratsalde-gau osoan zehar, eta hautagaiak zuzenean elkarrizketatuko dira. Halaber, 20:00etan, Estatuko beste hedabide publikoekin batera, elkarlanean egindako galdeketa bat aireratuko dugu.
Eitb.eus atariak, berriz, webgune berezi honetan egingo du hauteskunde egunaren jarraipen zehatza, goizean goizetik. Albisteak, bideoak eta audioak bilduko ditugu, zuzeneko kontakizunean.
Emaitzak ere zuzenean emango ditugu, herriz herri eta barrutiz barruti, eta edozein ordenagailu edo gailu mugikorretatik kontsultatu ahal izango dira.
EiTBko sare sozialetan ere, EiTBk sortutako hauteskunde informazio guztia zabalduko da.