Hauteskunde Orokorrak -

HAUTAGAIAK

'Gauzak aldatzeko aukera aprobetxatzeko' eskatu dute euskal hautagaiek

"Eguraldi txarra ez dadila aitzakia izan", horixe euskal hautagaien mezua. Gaurko hauteskundeak "oso garrantzitsuak" direla berretsi dute eta jendeari botoa ematera joateko eskatu diote.

Euskal hautagaiak botoa ematen. Argazkia: EiTB
Euskal hautagaiak botoa ematen.
Euskal hautagaiak botoa ematen. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako hauteskunde orokorretarako hauteslekuak normaltasunez ireki dira 09:00etan, eta orduan hasi da boto-emaileen joan-etorria. EAEko zein Nafarroako hautagai guztiak igaro dira egunean zehar, baina goiztiarrenek lehen orduan eman dute botoa.

Roberto Uriarte Kongresurako Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko zerrendaburua izan da botoa ematen lehena, Bilboko Mujika eskolan, ireki bezain pronto. "Gauzak aldatzeko", botoa ematera animatu ditu herritarrak, bihartik aurrera "elkartu eta herritarrek nahi duten gobernua osatzeko gai izan gaitezen".

"Baliabide gehien dituztenek, bizi garen sistema neoliberalarekin konforme daudenek ez dute botoa emateko aukerarik galtzen, eta hurrengo egunean elkartu egiten dira behar diren aliantzak egiteko. Ikas dezagun lezioa, eta guk ere botoa emateko aukera hau aprobetxa dezagun gauzak aldatzeko eta bihartik aurrera herritarrek nahi duten Gobernua osatzeko", esan du.

Mikel Legarda Kongresurako EAJren Arabako hautagaia ere oso goizetik joan da botoa ematera, baina Gasteizen eman du horrek botoa.

Eguraldi txarra izan dute biek hizpide, baita Beatriz Fanjul Kongresurako PPren Bizkaiko hautagaiak ere, baina "hotza eta euria alde batera utzi eta botoa ematera joateko" eskatu die herritarrei, eta "botoa buruarekin" emateko ere eskatu die.

09:30 pasatxo zirenean eman du botoa Fanjulek Bilbon, Indautxuko eskolan, alderdikidez inguratuta. Horien artean zegoen Leopoldo Barreda diputatu ohia ere.

Patxi Lopez Kongresurako PSE-EEren Bizkaiko hautagaiak ere "botoa emateko" deia egin du, "haserrea gaindituz" eta eguraldi txarrari aurre eginez, "gure etorkizuna esku okerretan gera ez dadin".

Portugaleten, Santa Clara kulturgunean eman du botoa, Begoña Gil emaztearekin batera. Hautagai sozialistak berretsi du asko dagoela eraikitzeko, eta "abstentzioak ez du inoiz ezer eraiki", gaineratu du.

Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemosen Arabako hautagaiak Madrilen eman du bozka. Herritarrei botoa ematea zein garrantzitsua den pentsatzeko eskatu die: "Botoa ematera animatzen dut jende guztia, baita haserre daudenei eta ez bozkatzea erabaki dutenei ere. Izan ere, lau urte izango dituzte gero damutzeko".

Mertxe Aizpurua Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuaren hitzetan, "jendeak eskuinaren aldetik datorkigun erasoari erantzuten jakingo du; demokrazia gehiagorekin, erabakitzeko eskubide gehiagorekin, eta neurri politiko eta sozial aurrerakoiekin".

"Azken finean, datorren enbatari aurre egiteko hori da behar dena, eta hori da herri honek behar duena", erantsi du. Aizpuruak Usurbilen eman du botoa, 10:30 aldera.

Joseba Agirretxea Kongresurako EAJren Gipuzkoako zerrendaburuaren esanetan, "eguna ez dago oso goxo, baina oso garrantzitsua da jendea bozkatzera etortzea, eta nik uste dut jendeak, demokraziaren onerako, bozkatu egin behar duela".

Horren ildotik erantsi duenez, "oso inportantea da gaur bozkatzea, emaitza edozein delarik ere, demokraziaren garaipenerako oso inportantea baita".

EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matutek ere botoa ematera joateko eskatu die herritarrei. 11:30ean, Barakaldon botoa eman eta gero, komunikabideen aurrean esan du oso garrantzitsua dela botoa ematea, "askatasuna kendu nahi digutenek lor ez dezaten".

Horregatik, "amorruz, ilusioz, edo norberak nahi duen sentimenduarekin, baina botoa eman beharra dago", gehitu du.

Iñigo Arcauz PPren Gipuzkoako zerrendaburuak nabarmendu du hauteskunde hauek oso garrantzitsuak direla "Espainian eta Gipuzkoan dagoen desegonkortasun politikoarekin amaitzeko", eta, hori dela eta, botoa emateko eskatu du, "berriz ere hurrengo lau urteetan botoa ematera etorri behar ez izateko".

Donostian, Morlans auzoko Amara Berri eskolan eman du botoa.

Odon Elorza PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak ere Donostian eman du botoa, 12:00etan, Riberas de Loiolan. Parte-hartzera deitu du sozialistak ere, eta "egonkortasun aro berri baten hasiera" izan dadila espero duela esan du, "herri honek dituen erronka eta arazoei aurre egiteko".

"Espero dezagun emaitzek gobernagarritasuna erraztea eta Euskadirako ere ondo etortzea. Ea, bada, ezkerreko gobernu bat eta PSOErena lortzen den", erantsi du.

EAJren Bizkaiko hautagai Aitor Estebanek Zeberioko Zubialde eskola zaharretan eman du botoa. "Hauteskunde hauek giltzarri izango dira", esan du, kanpaina honetan entzun diren proposamen birzentralizatzaileei erreparatuta, eta Euskadik "eskubide eta askatasunak jokoan ditu", nabarmendu du.

"Oso garrantzitsua da Euskadik ondo aukeratzea zein ordezkari izango dituen hurrengo lau urteetan Madrilen", horren hitzetan.

Nafarroako hautagaiak

Sergio Sayas Kongresurako Navarra Sumaren zerrendaburuak Barañaingo Los Sauces eskolan eman du botoa. Eguraldi txarra izan du horrek ere hizpide, eta eguraldiak ez badu laguntzen ere, botoa emateko eskatu du. "Garrantzitsua da gaurkoa azkena izatea eta bizi dugun egonkortasunik gabeko egoera honi amaiera ematea",  adierazi du.

UPNk, PPNk eta Nafarroako Ciudadanosek osatzen duten koalizioaren hautagaiaren esanetan, "gaurkoa egun garrantzitsua da, ezinbestekoa".

Halaber, eskerrak eman dizkie hauteskunde egun hau "normaltasunez" garatzeko lanean aritu direnei; "Katalunian lanean ari diren mossoei, guardia zibilei eta polizia nazionalei, batez ere".

Ione Belarra Unidad Podemosen Nafarroako zerrendaburuak ere botoa ematera joateko deia egin du, "botoa eman ahal izango ez duen jende asko baitago".

11:00etan eman du botoa Iruñeko Ermitagaña eskolan. "Etorkizuneko haurrei zer mundu utziko diegun jokatzen ari gara hauteskunde hauetan", eta, ildo horretan, "jendartearen interesak defendatzen dituzten aukeren alde" egiteko eskatu du.

EH Bilduren Nafarroako zerrendaburu Bel Pozuetak Altsasun eman du botoa. "Panorama politikoa gaur dugun eguraldiaren antzekoa da, hotza, txarra, baina EH Bilduk aurre egingo dio", esan du.

"Nafarroa subiranistak, justizia nork nahi duen badakien Nafarroak, Nafarroa feministak, aurrerapenaren aldekoak badu aukera Madrilera ordezkari bat eramateko, EH Bilduren ordezkari bat, hain zuzen ere", nabarmendu du, eta lortuko duela esan du konbentzituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSN Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Espainia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanos Nafarroako Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Vox Hauteskunde Orokorrak Emaitzak